Mostrando entradas con la etiqueta euskara. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta euskara. Mostrar todas las entradas

jueves, 1 de diciembre de 2011

Gerediaga Elkarteak jaso du aurtengo Lauaxeta saria


Andrea ZARATE


Aurten Lauaxeta saria Durangaldeko Gerediaga Elkarteak eskuratu du, herrialdean euskara zabaldu, sustatu eta normalizatzeko eginiko saioak direla eta. Ekitaldia Bilboko Foru Jauregian izan da eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia izan da saria banatzearen arduraduna. Lauaxeta sariaren zazpigarren edizioa izan da honakoa eta 11:00etatik aurrera hasi da ekitaldia.

Gerediaga Elkartea 1965ean sortu zen. Gizon-emakume taldea izan zen sortzailea, Durangaldearen etorkizunaz kezkatuta eta eskualde kontzientzia komuna berreskuratu eta indartzeko asmoarekin elkartu zen. Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea sortu zuten.

Gaur egun, Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta dokumentala berreskuratzea; folklore-adierazpenak mantentzea; eskualdearen iragana ikertzea; eta ikerketa lan berriak sustatzeaz arduratzen da elkartea, Durangaldea ezagutaraziz eta tokiko erakundeei aholkularitza eskainiz. Durangoko Liburu eta Disko Azoka elkarte honek antolatzen du besteak beste.


lunes, 24 de octubre de 2011

Hitanoa lantzeko eta sustatzeko egitasmoa jarri dute martxan Azpeitian

Izaro ZINKUNEGI


Hitanoa indartzeko proiektua aurkeztu zuten pasa den ostiralean Azpeitian, "Arin-arin hika egin!" izenpean. Udaleko Euskara Patronatuak eta Mintzola fundazioak herriko ikastetxeekin elkarlanean eginiko egitasmoa da. Hitanoa indartzea da funtsean honen helburua.

Egindako ikerketen arabera, hitanoa erabiltzen duten hiztunen kopurua eta erabiltzeko esparruak urritzen ari dira, baita kalitatea okertzen ere. Hitanoa euskararen altxorretako bat izanik, egoerari buelta emateko asmoz ekin diote lanari proiektuaren sustatzaileek. Zumaian aurrez martxan jarrita egonik, esperientzia hori izango dute oinarri Azpeitiko kasuan.

Azaroan hasiko dira egitasmoa ikastetxeetan lantzen, DBH-ko bigarren zikloko ikasleekin hain zuzen ere. Hala ere, luzerako iritsi da “Arin-arin hika egin!”, hala, adin-tartea ere zabalduz joango da aurrera egin ahala.

Informazio gehiago eskuragarri Azpeitiko aldizkariaren atari digitalean.

martes, 18 de octubre de 2011

Spik proiektu akademikoa eskaintzen du Leioako Campusak, euskara eta ingelesa hobetzeko

Izaro ZINKUNEGI

Spik proiektu akademikoa eskaintzen du EHU Bizkaiko Campusak, 2011-2012 ikasturterako. Ingeles eta euskara maila ertaina duten ikasleei zuzenduriko eskaintza da honakoa. Jadanik hasiak dira klaseak ematen. 


Ikasturte honen hasieratik martxan dagoen proiektu honek malgutasuna eskaintzen die ikasleei. Izan ere, klase presentzialetara joanez edo online bidez egin daiteke, eta ordutegi ezberdinak ere eskaintzen ditu. Honekin batera, agiri ofizialak lortzeko eskaintza ere badu. 


Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Hizkuntza Laborategian dago kokatua. Baina proiektu akademiko honek badu atari digitala ere, nikspik.net hain zuzen. Bertan eskura daiteke zerbitzuari buruzko informazioa, izen-ematea, kokapena… Era berean, esku-orriak, kartelak, iragarkiak... eskura daude fakultateetan.



Klaseetan hasi berria den publizitateko 2. mailako ikasle batek adierazi duenez, eskaintza egokia iruditu zaio, bereziki ordutegiaren malgutasuna dela eta. Bestalde, fakultatean bertan egotea ere eskertzen dela azaldu du.

domingo, 2 de octubre de 2011

Su Ta Garrek “Ametsak pilatzen” diskoa aterako du


Eibarreko talde arrakastatsuak bere diskografia hamaigabeari beste bat gehituko diote. Disko hau urriaren bigarren hamabostaldian aterako da eta hamaika abestiz osatua egongo da. Diskoko abesti bat entzungai dago jada: “Norbera bere ametsen jabe” izena du. 

Heavy musika estiloa lantzen duen talde hau oso ezaguna da Euskal Herrian zehar baina Estatu mailan ere hitz egiten da. Euskaraz abesten dute atera dituzten hamar diskoetan baina disko guzti horiez aparte, 2007an hogei urte bete zitueneko zuzeneko diskoa ere atera dute. Azken hau Durangoko kafe antzokian egindako kontzertua izan zen eta bertan beraien hasiberritako maketa oparitu zuten.

Atera dituzten diskoen artean, 2001ean ateratako “Jo ta ke” edo azken diskoa “Jainko hilen uhartean” dira zaleei gehien gustatzen zaizkienak eta abestiei begiratuz, “jo ta ke”, “begira” edo “itxaropena” dira ezagunenak.

Heavy Metala Euskaraz jotzea izan da talde honek egin duen ekarpenik handiena. Ordura arte inork inoiz egin ez zuena eta makina bat estereotipo puskatu zituen taldea bilakatuz. Beraien hitzak kritika politiko eta sozial aldarrikatzailez beteak daude, eta esan daiteke, musika, hitzak eta orokorrean taldea, espresio bide bezala erabili dutela taldekideek.