Mostrando entradas con la etiqueta Azpeitia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Azpeitia. Mostrar todas las entradas

lunes, 7 de noviembre de 2011

Hasi dira Azpeitiko XXIX. Euskal Antzerki Topaketak


Izaro ZINKUNEGI


Pasa den asteburuan hasi dira Azpeitiko XXIX. Euskal Antzerki Topaketak. Datorren bi asteburutan ere egingo dituzte egongo dira emanaldiak, ostiral, larunbat eta igandetan hain justu.

Vaiven Produkzioak-ek eginiko Lotsa gabe antzezlanak eman die hasiera antzerki topaketei. Honekin batera, Larria, kutsakorra eta mendebaldekoa eta Ilargiaren bi aldeak antzezlanak ere ikusi ahal izan dira asteburuan, guztiak Soreasu Antzokian.

Topaketen hirugarren asteburuan talde amateurrek hartuko dute, eta tartean izango da Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek antzeztuko duten Lost & Found obra ere. Alaitz Olaizola antzerki taldeko zuzendariak adierazi duenez, emakumeek dituzten kezkak azaldu nahi dira antzerki honekin.

Euskal Antzerki Topaketen egitarau osoa Azpeitiko herri aldizkariaren atari digitalean dago ikusgai.

Uranga nagusitu da G-puntuko final-laurdenetako azken saioan


Izaro ZINKUNEGI


Jokin Urangak bere herrian lortu du Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalaurrekoetarako txartela. Azpeitian jokatu da azken saioa, eta Iker Zubeldia eta Iñaki Apalategi ere igaro dira hurrengo fasera, Urangarekin batera.

Izarraitz pilotalekuan jokatu da azken final-laurdena. Eguraldiak errepideetan arazo batzuk eragin dituen arren, jende andana hurbildu da bertara. Jokin Uranga izan da garaile 488 punturekin, eta zuzenean igaro da hurrengo saiora, Irazu, Sarriegi, Gaztelumendi eta Martinekin batera.   Puntuazioaren arabera sailkatutako beste 13 bertsolariren izenak ere bertan jakin dira.

Finalaurreko fasea azaroaren 26an hasiko da, Arrasaten. Tolosan eta Hernanin izango dira beste bi saioak. Horietatik sailkatzen diren 8 bertsolariek abenduaren 18an abestuko dute, Donostiako Illunbeko finalean.

lunes, 31 de octubre de 2011

Azpeitiko Sanagustin kulturgune osatuak 100 egun bete ditu


 Izaro ZINKUNEGI

Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 100 egun bete zituen pasa den urriaren 30ean. Joan den uztailaren 22an hartu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak kulturgunearen kudeaketa, udal lehiaketa atera ondoren. 


Sanagustin iazko abenduaren 11n ireki zuen Udalak, Kultur Mahaiarekin elkarlanean, baina uztailaren 22ra arte ekitaldiak zeudenean baino ez zegoen irekita. Azken 100 egun hauetan ordea, uneoro irekita egon da. Irailaren amaieran jatetxe zerbitzua jarri zen martxan, sarrera ekonomikoak lortzeko asmoz.

30 ekitaldi antolatu dira uztailaren 22tik Sanagustinen, tartean musikakoak, antzerkikoak, dantzakoak, poesiakoak… Liburutegia eta ordenagailu gune bat jartzeko asmoa ere bada etorkizunerako.


 
Azpeitiko plazan kokatutako kulturgunean sarean ere badu presentzia. Izan ere, atari digitala eskuragarri dago bisitatu nahi duen ororentzat. Horrez gain, sare sozialetan ere aurki daiteke.

lunes, 24 de octubre de 2011

Hitanoa lantzeko eta sustatzeko egitasmoa jarri dute martxan Azpeitian

Izaro ZINKUNEGI


Hitanoa indartzeko proiektua aurkeztu zuten pasa den ostiralean Azpeitian, "Arin-arin hika egin!" izenpean. Udaleko Euskara Patronatuak eta Mintzola fundazioak herriko ikastetxeekin elkarlanean eginiko egitasmoa da. Hitanoa indartzea da funtsean honen helburua.

Egindako ikerketen arabera, hitanoa erabiltzen duten hiztunen kopurua eta erabiltzeko esparruak urritzen ari dira, baita kalitatea okertzen ere. Hitanoa euskararen altxorretako bat izanik, egoerari buelta emateko asmoz ekin diote lanari proiektuaren sustatzaileek. Zumaian aurrez martxan jarrita egonik, esperientzia hori izango dute oinarri Azpeitiko kasuan.

Azaroan hasiko dira egitasmoa ikastetxeetan lantzen, DBH-ko bigarren zikloko ikasleekin hain zuzen ere. Hala ere, luzerako iritsi da “Arin-arin hika egin!”, hala, adin-tartea ere zabalduz joango da aurrera egin ahala.

Informazio gehiago eskuragarri Azpeitiko aldizkariaren atari digitalean.

lunes, 10 de octubre de 2011

Balorazio positiboa egin dute Kilometroen antolatzaileek

Izaro ZINKUNEGI

Urriaren 2an ospatu ziren aurtengo Kilometroak Azpeitian, Klik! lemapean. Oso balorazio positiboa egin dute bertako antolatzaileek hainbat komunikabidetan. Aurreikuspenak goitik behera beteta amaitu zuten eguna antolatzaileek, eta eskerrak luzatu dizkie lanean aritu diren guztiei. Bertaratutakoek ere egun polita zela adierazi dute.

Urte osoan egindako lanketari urriaren 2ko egitarau zabalarekin eman zion amaiera Azpeitiko Ikasberri Ikastolak. Hala, iaz Pasaia-Lezoko Ikastolari hartutako lekukoa Andoaingoari eman dio, beraz, hurrengo urtean bertan ospatuko da Gipuzkoako Ikastolen aldeko eguna.

Duela hamabost urte zabaldu zituen ateak Azpeitiko Ikastolak. Egun 500 ikasle inguru daude bertan. Kilometroetan lortutako irabaziekin haur-eskola handitzeko proiektua zutela azaldu zuten antolatzaileek, ikasle asko baitaude.

martes, 27 de septiembre de 2011

Milaka pertsonak Klik! egingo du asteburu honetan Azpeitian


Egun gutxi falta dira aurtengo Kilometroak ospatzeko. Aurtengoan, Azpeitiko Ikasberri Ikastolak antolatuko du, eta lan horretan dihardu hainbat pertsonak azken hilabeteetan. Iazko urritik gaur arte ekintza ugari egin badira ere, igande honetan, urriaren 2an, izango da benetako ospakizuna, Klik! lemapean Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa  Urola bailarako herrian lehertzen denean.

Igaro berri den ikasturtea berezia izan da Azpeitiko Ikasberri Ikastolarentzat. Iaz Pasaia-Lezoko ikastolari kilometroen lekukoa hartu zionetik, jo eta ke dabil ikastolen aldeko jaialdiaren antolaketan. Hamar urteren ostean, berriro ere Azpeitira iritsiko da igande honetan milaka euskaldun eta euskaltzaleren zita. Jadanik prest dago igandeko egitaraua eta zirkuitua. 

Aitor Unanue, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Elkarte Kooperatibako lehendakariak adierazi duenez, urte gutxi barru gaur eguneko eraikina txiki geldituko zaiela aurreikusten dute. Horregatik, haur ikastola berri baten proiektua lantzen ari dira, eta honi bultzada emateko eskatu zuten 2011ko Kilometroak Azpeitian egitea.


Egitarauari dagokionez, 09:30ean zabalduko da zirkuitua. Honek, 6 kilometroko ibilbidea izango du, bost gunetan banatua (4 gune ibilbidean eta beste bat, herriko plazan, zirkuitutik kanpo). 19:30ak bitartean izango da zer ikusia eta non gozatua Azpeitian, haur, gazte eta helduentzat egitarau zabala baitago antolatua: haur jolasak, kontzertuak, antzerkia... Euskararen eta ikastolen aldeko festan parte hartu eta gozatzeko aukera zabala dago beraz urriko lehen asteburuan.