domingo, 18 de diciembre de 2011

Arrakasta historikoa


Araba eta Bizkaian lehenengo bost egunetan agortu ziren kultura bonuak, Gipuzkoan motelago joan dira 
Andrea ZARATE
Eusko Jaurlaritzak kultura arloan duen egitasmoaren baitan, eta 2009. eta 2010. urteetan lorturiko emaitza onak ikusirik, Kultura Sailak «Kultura Bonua - Bono Cultura» programa berritu du aurten. Programa hau arte eta kultura ekoizpenaren merkatua bultzatzeko ekimena da eta aurtengo edizioa hirugarrena da jadanik. Beraz, 2011-2012 gabonetan EAEko kultura-produktu zehatzak suspertzeko xedea duen neurria da honakoa.

Agindua 2011ko azaroaren 22an atera zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kultura-bonu batzuen bidez (44.000 hasiera batean), euskarri ezberdinetako kultura-produktuen erosketa bultatzeko diru-laguntzak eman ditu hirugarren edizio honetan. Helburu horretarako 660.000 euro erabili dira.

Programa honen diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira. Ezarritako bideen bitartez kultura-bonua eskuratzen duten pertsona fisikoak dira hauen onuradun zuzenak. Eta 44.000 bonuak hiru lurralde historikoetan banatu dira, irizpide batzuei jarraituta. Dena den, salmentaren azken astean egokitzapenak egin ahal zirenez, aurten 7.500 bonu gehiago saldu behar izan dira, 112.500 euro gehiago suposatu dutenak.

Bonu horien bitartez, erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango du, baina bonuak abenduaren 12tik urtarrilaren 20ra bitartean erabili beharko dira. Diru laguntza hau bai liburuak edo diskoak erosterakoan, bai museo batean bisita egiteko edo zinera, antzerkira edo kontzertu batera joateko erabili daitezke.

Programatik kanpo geratuko dira produktu hauek: papergintzako gaiak; informatika eta elektronikako tresneria, softwarea eta gai suntsikorrak; eta joko eta bideojokoak. Kultura Sailak programaren helburuarekin bat datozen beste produktu eta zerbitzu batzuk gehitu ahal izango ditu edozein unetan, EHAAn argitaratzen den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Bonuak Vital Kutxa, BBK eta Kutxa finantza-entitateen bitartez jarri dira salgai, 2009an eta 2010ean bezala. Bakoitzak 25 euroko kostua du, baina 40 euroko balioa du aurretik aipatutako erosketetan gastatzeko. Bonu bakoitzaren 15 euroren diferentzia hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko du beraz. Hori bai, kanpaina honetan parte hartzen duten 364 establezimenduetakoren batean erabili behar dira.

Bestalde, entitate kolaboratzaileak txartel, multizerbitzu kutxazainen edo antzekoen bidez baino ezin du kultura-bonua saldu, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak baimenduz gero, bestelako biderik ere erabili ahalko den. Era berean, kreditu-txartel bakoitzarekin kultura bonu bat baino gehiago erostea eragozten duten mekanismoak jarri dira, txartela blokeatuz edo bestelako prozeduraren baten bitartez.


Aurten azkenean, Eusko Jaurlaritzak 51.500 deskontu bonuak saldu ditu. Arrakasta historikoa izan da, izan ere aurreko bi edizioekin konparatuz, denbora gutxien iraun duten kultura bonuak izan dira (bost egun soilik). Bonuak erosteko epea abenduaren 12tik 5era zen, baina Araban eta Bizkaian ez dute ezta aste bete iraun. Abenduaren 16an bertan agortu egin zirela adierazi dute arduradunek. Gipuzkoan, berriz, motelago ibili dira.

Kaleko jendearen iritziak
Eusko Jaurlaritzaren  kultura bonuen kanpainak emaitza ekonomiko paregabeak izan baditu ere, iritzi ezberdinak daude horien iguruan.

Carlos San Vicente irakaslea
Carlos San Vicente irakasle eperimentatua da. Arabako hiriburuan jaio zen orain dela 51 urte, eta duela 25 urte eta erdi hasi zen lanean, 1985ean hain zuzen. Magisteritza eta Historiako lizentziaturak osatu zituen. C. San Vicenteren arabera, kultura bonuak kultura sustatzeko tresna izan daiteke. Bere ustez, horrela denda txikien salmenta bultzatu ahal da.

 Carlos San Vicentek dioenez, aurreko edizioetan ez zuen parte hartu ez zuelako espero horren ona izango zenik. Aurten lehenengo egunean egin zuen aldiz. Arabarrak emaitzarekin oso pozik gelditu dela adierazi du. San Vicentek bi eleberri erosteko erabili du diru-laguntza. Gainera, hurrengo urtean errepikatzeko asmoa duela aipatu du irakasleak.

“Leku berean baina momentu ezberdinetan gastatzeko aukera egon beharko litzateke”
Carmen Zarate ikaslea


Carmen Zarate Medikuntza ikaslea
Carmen Zarate 23 urteko medikuntza ikasle bat da, eta jadanik 6.mailan dago. Lehenengo zikloa Leioan egin du EHUko medikuntzako ikasleak, eta orain, bigarren zikloa amaitzeko zorian dago Gasteizen. C. Zarate ikaslearen ustez, bonu osoa leku berean gastatu behar denez, berarentzat ez du merezi. Berak zinema erabiltzeko erabiliko luke, “baina egun berean 40€ zineman gastatzea oso zaila da”.


Hala ere, ekintzaren alde dago, nahiz eta epe laburreko efektua duela uste duen. C. Zarateren iritziz, leku berean baina momentu ezberdinetan gastatzeko aukera egon beharko litzateke. Horregatik, ez du espero hurrengo urtean kultura bonua hartuko duenik.

“Herri batek bere kultura bultzatzeko mota askotako neurri gehiago behar ditu”
           Angel Zarate orientatzailea


Angel Zarate orientatzailea
 Angel Zaratek 52 urte ditu eta orientatzaile gisa lan egiten du Gasteizko institutu batean. Magisteritza, Pedagogia eta Historia ikasi zuen eta tesi doktoral bat osatu zuen UNEDeko unibertsitatean. A. Zaratek ez du kultura bonua erabili, alde batetik ez duelako neurri horren menpe egon nahi; eta beste aldetik, denbora faltagatik. Dena dela, neurria interesgarria iruditzen zaiola adierazi du Zarate orientatzaileak.
Hala eta guztiz ere, kultura neurri txiki batean bakarrik sustatzen duela esan du gasteiztarrak, neurri txiki batean aurrerapausua suposatzen duela hain zuen ere. Izan ere, bere ustez herri batek bere kultura bultzatzeko mota askotako neurri gehiago behar ditu. 

sábado, 17 de diciembre de 2011

Blaugranak nagusi izan dira Santiago Bernabeun


 Andrea ZARATEFinal del formula

Pep Guardiolaren taldekoak lehenengo zatian oso adi ibili ez diren arren, laster markagailua aldatu dute, amaieran 1-3 irabaziz. Santiago Bernabeun izan da ohiko klasikoa, eta oraingoan etxekoak ezin izan dira aurrera atera, Blaugranen kemena begibistan baitzegoen. Hotz handia bazegoen ere, guztira 83.500 ikusle joan dira partidaz gozatzera.

Partida hasi eta jokaldi azkar batez Real Madrid-eko Benzema jokalariak 1-0ekoa lortu du 22. segundoan. Victor Valdes Bartzelonako atezainaren hutsegite baten ostean izan da hori. Di Mariari jaurti dio baloia, eta Benzemak ederki aprobetxatu du aukera hori. Beraz, hasieran Real Madrid azkar aritu da, aukera aprobetxatuz eta beste taldekoei beldurra sartuz. Besteak beste, Iker Casillasek Messiren saiakera arriskutsua eta Xaviren falta jaurtiketa ongi ekidin ditu partidaren lehenengo zatian.


Dena dela, Mourinhoren taldeak akatsak izan ditu ere. Cristianok 24. minutuan gola sartzeko aukera ederra desprobetxatu du, baloia oso desbideratuta joan baita. Gainera, lehenengo zatiaren akats larriena 29. minutuan izan da, Alexisek markagailua berdintzea lortu duenean. Messiren jokaldi paregabearen ondorioz, Txiletarrak buruko jaurtiketa batekin gola sartu du, Casillas gaindituz. Horrela, 1-1ekoarekin, bigarren zatira igaro dira.

Bigarren zatian, Bartzelona indar handiarekin jokatu du, eta laster ikusi da bere gailentasuna. 7. minutuan, Xavik blaugranen bigarren gola sartu du, zuriei aurreratuz (1-2). Erdilari katalanaren jaurtiketa kanporako bidea bazeraman arren, Marceloren kolpe arraro baten ostean, baloia sare barruan sartu da. Bestalde, bigarren zatiko 16. minutuan, Alexisek beste abagune bat izan du, baina oraingoan Casillas lehenago iritsi da.



Azkenik, 65. minutuan Bartzelonak 1-3koa jarri du markagailuan. Cesc Fabregasek baloia sare barrura bidali du erremate bikain batekin, Dani Alvesen erdiraketa aprobetxatu eta gero. Azkenik, Kakak abagune bat izan du, hala ere Valdesek brasildarraren jaurtiketa kornerrera bidali du. Beraz, 1-3 irabazi du Bartzelonak ohiko aurkariaren etxean.


Fitxa teknikoa:

Iturria: Mundodeportivo.com


Iturria: Marca.com

Animalia basatientzat argi izpi bat


Bizkaiko animali basatiak sendatzeko zentroak hamabi urte bete ditu eta urtero 1.000 espezie inguru errekuperatzen ditu

Bizkaiko fauna basatia errekuperatzeko zentroa 1999ko uztailean hasi zen lanean Gorlizko Foru basetxearen egoitzan, gai honen inguruan zegoen eraikin faltari erantzuna emanez. Zentro hau Bizkaiko Foru Aldundiak sortu zuen animaliak sendatzeko, errekuperatzeko, babesteko eta ikerketak egiteko asmoarekin. Bestalde, errekuperazio-lanetarako herritarren parte-hartzea sustatzeko planak ere egiten dira bertan.

Gaur egun, animaliak sendatzeko zentroak ezinbestekoak bilakatu dira ingurumenaren egoera gero eta txarragoa baita. Oso beherakada kezkagarria eragin du animalien espezie askotan, eta horietako batzuk galzorian daude orain. Hori horrela izanik, edozein arrazoi dela-eta naturan beren kasa bizitzen jarraitzerik ez duten animaliak biltzen ditu zentro honek, bestela Iñaki Intxaurraga zentroko albaitariak dionez: “hil egingo lirateke”.
Urtero 1.000 animali inguru heltzen dira Gorlizko zentrora, batzuk onik, beste batzuk zauriekin edo hilzorian, baina gehien bat hilik. Batez ere hegaztiak heltzen dira baina animalia exotikoak, fokaren bat, delfinen bat eta tarantulak ere egon izan dira. Zentrora joatearen arrazoi nagusiak kotxeak harrapatuta, legez kanpoko ehiza, pozoinketak eta kutsadura dira.

Animalien katalogazioa edo sailkapena edozein dela ere tratatu egiten dira eta ahalegin handiagoak egiten dira babestutako espezieak berreskuratzeko. Animalia batzuk errehabilitazioa egin behar izaten dute eta ondoren, berriz itzultzen dira beren habitat naturalera, hots, bizirik irauteko beharrezko bermeekin.

Askatasunean bizi diren animaliekin nekez egin daitezkeen zenbait ikerketa Sendatzeko Zentroan dauden animaliekin egin daitezke.

Eginkizun horretaz gain, Fauna Basatia Sendatzeko Zentroa leiho moduko bat da Bizkaiko animalien populazioaren egoera baloratzeko, baita gaixotasun ohikoenak eta espezie desberdinen jokabideak aztertzeko. Horretarako, ekosistemako arriskuak salatu eta irtenbidea bilatzeko babes programak eta dibulgazio kanpainak bultzatzen dira.
Askatasunean bizi diren animaliekin nekez egin daitezkeen zenbait ikerketa Sendatzeko Zentroan dauden animaliekin egin daitezke, betiere berreskuratzeko prozesuari kalterik egiten ez bazaio.
Bizirik zein hilik dauden animaliekin lan egiteak espezieen jokabideari, patologiei, tratamenduei eta abarri buruzko informazio iturri handia eta baliotsua ematen du. Material biologiko horren azterketaren bidez lorturiko informazioa ezinbestekoa da balorazio epidemiologikoa egiteko, eta gainera, oso tresna baliagarria da arriskuan dauden espezieak berreskuratzeko programak diseinatzerakoan. Intxaustik esaten du ikerketa hauekin animalietatik gizakietara pasa daitezkeen gaixotasunen ezagutzan ere aurrerapausoak eman ditzaketela, esaterako hegazti gripea.
“Euskal Herriak oso fauna aberatsa dauka baina ez gara horretaz ohartzen, batez ere, ez dugulako ezagutzen”.
Iñaki Intxausti, Gorlizko zentroko albaitaria
Zentro honek operazio baten beharra duten animaliak ere har ditzake, ebakuntza  gela bat dutelako kasu larrienetarako. Adibidez: egin duten azken ebakuntzen artean, arrano bati ezker hegoan zituen perdigoi zatiak kendu dizkiote eta ebakuntzaren ondoren errehabilitazio lanetan hasi da. Aste gutxiren buruan aske utziko dute.
Zentroak larrialdiak hartzen ditu eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan. Gainera, Nekazaritza Saileko basozainek, Base Gorritik SOS Deiak-en 112 larrialdi telefonoarekin koordinatuta, herritarrei abisua emateko ardura dute.
Azken helburua ingurune egokian animali hauek askatzea da, ekosistemara sartzeak ez badio negatiboki eragiten animaliari. Gainera, zentrora espezie hori ekarri duten pertsonei animaliaren egoerari buruzko bilakaeraren inguruko azalpenak ematen zaizkie. Animalia askatzeko orduan, aurkitu duen pertsonak animalia bere eskuekin aska dezan ahalegintzen da zentroa. Beste batzuetan, gonbitea luzatzen zaie animalia askatzeko unea ikusteko interesa erakutsi duten taldeei, bereziki eskolako umeei. “Euskal Herriak oso fauna aberatsa dauka baina ez gara horretaz ohartzen, batez ere, ez dugulako ezagutzen” dio Intxaustik.

2009an hamar urte bete zituen zentroak eta hori ospatzeko urte guzti horietan egindako ekintzak eta izandako esperientziak liburu batean argitaratu zituzten. Liburu hau euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dago eskuragai eta dohainik lor daiteke. Liburuan animalia basati bat zaurituta aurkitzen denean zer egin behar den edota zentroak dituen ezaugarriak azaltzen dira.
Zentroa handitzeko planak
Bizkaiko Foru Aldundiak zentroa handitzeko proiektua abian jartzen ari da. Proiektu honen helburu nagusia animaliak naturan askatu baino lehen hegaztiek hegan egin ahal izateko zona bat izatea da.  Horretaz aparte, instalazioak berritu nahi dira espezie bakoitzaren eskari zehatzari egokitu ahal izateko baita, herritarrak Euskal Herriko faunaz gehiago jakiteko dibulgazio ikastaroak egin ahal izateko gelak jartzea.
“Zentroa txiki geratu da hainbeste animalientzat eta behar-beharrezkoa dugu zentroa handiagotzea hegaztiek hegan egiteko zona batekin, bestela oso zaila zaigulako jakitea askatzeko prest dauden ala ez” dio Intxaustik.
Beste hainbat sektoretan bezala, krisiak ere eragina du eta momentuz proiektua ideian bakarrik gelditu da. Intxaustik esaten du Bizkaiko Foru Aldundia ahal den guztia egiten ari den arren, garrantzi handiagoa duten proiektuak daudela  aurretik.   

                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                 
Ezjakintasuna nagusi
Bizkaitar gutxik daki Gorlizen animaliak errekuperatzeko zentroa dagoela. Intxaustik esaten du jendea ez dagoela oso kontzientziatua Bizkaiko faunarekin eta nahiz eta Euskal Herrian oso aberatsak izan aspektu horretan bere ustez, “ezjakintasuna da nagusi”. Hori bai, pixkanaka kontzienteagoak izaten ari garela esaten du eta gizarteak gero eta gehiago zaintzen duela ekosistema.
Iñaki Intxausti Gorlizko zentroko albaitaria eta arduradun nagusia da
Iñaki Intxausti Barakaldon jaio zen eta betidanik izan du animaliekin harreman berezia. Salesianos eskolan ikasi zuen baina txikitatik albaitaria izan nahi zuen eta Intxaustik esanda: “Ez nintzen ia eskolara joaten animaliekin ikerketak egitea gustatzen zitzaidalako”.
Eskola bukatu eta Zaragozako unibertsitatera joan zen albaitaritza ikastera. Bertan bost urte eman zituen eta gero Nafarroan behiekin lanean hasi zen: “behiekin lan egitea zen niri gehien gustatzen zitzaidana eta gainera ondo ordaindutako lanbidea zen prestigioa lortuz gero”: Bi urte pasatu zituen eta Avilara joan zen gehiago ikastera.
Avilan ordezkapena egin ostean, Bizkaira bueltatu zen, Mungiara. Uribe Kostan behiekin lan egiten ari zen gizona jubilatzear zegoen eta berarekin urte bete egon ondoren, bere lekua hartu zuen: “Unibertsitateko apunteak erabiliz eta Jose Mariren (lankidea) laguntzarekin asko ikasi nuen”. Azkenik Bizkaiko Foru Aldundiak Iñaki Intxaurragak lortutako prestakuntzagatik eta egun dagoen zentro falta zela medio lan hau proposatu zion.
Intxaustik esaten du oso zaila dela horrelako zentro bat eramatea, egunero animalia berriak heltzen direlako eta bakoitzaren inguruko ikerketa egiten denez, lan handia dakarrela horrek. Gaineratu du, herritarrek duten ezagutza minimoa dela eta, zentrora zauritutako animalia basatien laurdena bakarrik heltzen dela.

Iñigo Zelaia
Erreportajea

Bartzelona da munduko futbol talderik boteretsuena

Iñigo Zelaia
Bartzelona on batek mendean hartu zuen Real Madrid. Bazirudien bien artean urte askotan egon ez den parekotasuna egongo zela eta lehen minutuetan behintzat hala izan zen.
Partidaren aurretik Real Madrid zen faborito ikusleen ustez, baita apustuen ustez ere. Madrid taldeak ligan aurkaria baino partidu bat gutxiago jokatuta, hiru puntuko aldea zuen.
Partidua hasi baino lehen jai ikaragarria zegoen zelaian eta inguruko kaleetan. Ikusleak taldearen himnoak abesten hasi ziren, dena zegoen prest eta jokalariak zelaira sartu ziren.
Denak zeuden partida noiz hasiko itxaroten. Zelaian, urrezko baloia irabazteko izendapena jazo duten hiru jokalariak zeuden: C. Ronaldo, L. Messi eta Xabi. Hura espektakulua!.
Jokalariak beraien artean agurtu eta David Fernandez Borbalán arbitroak partidaren hasiera eman zuen. Bartzelona hasi zen pilotarekin jolasten baina Valdes atezainak pasea ematerakoan Abidaleri beharrean, Di Maria eman zion pilota eta honek pasea egin ondoren, Benzemak Bartzelonaren atean sartu zuen. Hogeita bost segundo bakarrik pasa ziren eta R. Madril jada aurretik zen. Gol hori klasikoen historian arinen sartu zen gola izan zen.

Bartzelonak bere jokoa egin nahi zuen, pilotaren jabetzarekin, baina R. Madrid presio gogorra egiten zebilen eta lehen hogeita bost minutuetan bi taldeetako inork ez zuen partidaren jabetza eraman.
Minutuak aurrean joan ahala, R.Madrilen presioa jaisten joan zen nekea zela medio eta Bartzelona baloiaren posesioaren bidez, bere jokoa egiten hasi zen. Gauzak horrela, hogeita hamargarren minutuan, Alexis Sanchez txiletarrak banakoa jarri zuen aurkariaren zelaian.
Golaren ostean, Bartzelonako Dani Alves laterala aurreratu egin zen Pep entrenatzailearen aginduz eta hiru defentsarekin jolasten hasi zen. Erabaki honek partidaren nondik norakoa erabat aldatu eta pilotaren erabateko jabetza lortu zuen Bartzelonak.
Lehen zatia berdinketarekin bukatu zen baina bigarren zatia lehenengoa amaitu zen bezalaxe hasi zen, Bartzelonaren jabetzarekin. Bigarren zatiko zazpigarren minutuan, Xabi Hernandezek areaz kanpotik jaurti eta Marceloren bizkarrean eman ondoren, Iker atezainaren porterian sartu zen.

Bartzelonaren jabetza monologo bat zen, R.Madrid noraezean jokatzen ari zen eta Bartzelona jaun eta jabe zen. Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzailea gustura egoen mutilak egiten ari ziren partidarengatik.
Bigarren zatiko hemeretzigarren minutuan, C.Ronaldok Real Madrilen aukera garbiena kanpora bota zuen. Valdez atezainaren aurrean bakarrik zegoen baina bere burukada kanpora joan zen. Real Madrileko izarra ez zen fin egon partidan.
Gainera, hurrengo jokaldian Cesc Frabregasek Bartzelonaren hirugarrena sartu zuen eskuinetik botatako Alvesen zentro on bat buruz errematatuz. Gol hori Bartzelonaren nagusitasunaren eta garaipenaren ikur bilakatu zen eta Madridistak buru makur utzi ziren.

Partiduaren azken txanpan Bartzelonaren entrenamendu bat zirudien. Partida kontrolpean zuen eta R. Madrileko jokalariak ezinean zeuden, Bartzelonaren nagusitasuna onartuz.
Partidaren amaieran bi entrenatzaileek emandako elkarrizketan argi utzi zuten Bartzelonaren nagusitasuna, nahiz eta Madrileko entrenatzaile den Mourinhok argi utzi zuen partida bat besterik ez zela eta liga ez zegoela erabakita.
Klasikoa ez  zen aurreko urteetako partidak bezain ikusgarria baina munduan zehar milioika pertsonak ikusi zuen eta badirudi horrelako partidu batek mundua geldiarazi dezakeela. Ikusi beharko da bueltako partidua nola izango den baina argi dago oraindik ere Bartzelona ekipo hobea dela.


viernes, 16 de diciembre de 2011

Ardien pausuak, artzainen ibilbide


Arkumeak zaintzen eta gazta egiten ari dira artzainak, udaberria ahalik eta lasterren iritsiko denaren esperoan

Izaro ZINKUNEGI

Udazkenarekin batera iritsi da berriro ere arkumeak jaiotzeko garaia euskal artzain gehienentzat. Urri erdialdera ardiak menditik jaisten dituztenetik, geratzen zaizkien egun apurrak aprobetxatzen dituzte arditegiak atontzeko. Jadanik gazta egiteari ere ekin diote horietako askok. Gutxik ezagutzen dute egun pertsona bakar batzuen ogibidea den lanbide hau, euskaldunon historia urte luzetan markatu badu ere.

Jaiotzek eta arkumeei esnea emateak buruhauste ugari sortu dizkie egunotan Miren Barandiaran eta Juan Mari Zinkunegi senar-emazte errezildarrei. Hogeita bi urte daramatzate artzain munduan, eta hamabost Aitzarte Idiazabal Gazta egiten. 600 ardi latxa inguruko artaldea dute, eta artzaintzatik soilik bizi dira. Frantziska Uzkudun Juan Mariren amak adierazi duenez, lehen 70 buru inguruko artaldeak izaten ziren, eta baserri gehienetan zituzten ardiak. Orain, artzain gutxi egonagatik, artalde handiagoak izaten dituzte. 

Udaran 35-40 artzain inguruk Aralarko larreetan edukitzen dituzte ardiak, baita Aitzarte baserrikoek ere. Duela bi hilabete jaitsi zituzten beraien artaldeak artzain gehienek, azaro erdialdera jaiotzen baitira lehenengo arkumeak. Ordutik, arkumez inguratuta igarotzen dituzte eguneko ordu gehienak, baita gaueko batzuk ere. Azaroan ukuiluan prestatuta duten gela batean egiten du lo Juan Marik, gauez ardiei begiratzera jaiki behar baitu. “Hilabete pasatzerako jaiotzen dira arkume gehienak”, adierazi du Zinkunegik. Horrek zertxobait lasaitzen du bikotearen egunerokoa. Halere, egun gogorrak igarotzen dituztela esan du, arkumeak handiak eta sarritan bikiak izaten baitira.
Lehenengo arkumeak 20-30 egun egitean, harategira eramaten dituzte eta gazta egiteari ekiten diote. Goizean eta iluntzean jezten dituzte ardiak makinan eta hurrengo goizean gazta egiten dute, aurreko eguneko esnearekin. Gaztak egosi gabeko esnearekin egin direnez bi hilabetez 8-9 gradutan egon behar dute. Miren Barandiaranek azaldu duenez, Idiazabal jatorri izendapena eduki ahal izateko “lotura handiak” dituzte eta arau zorrotzak bete behar dira, hala nola, bi astean behin esnearen analisia egin, kontaketak zuzen burutu, gazta gutxienez bi hilabete ontzen eduki...

Gaztagintzak abendu erdialdetik ekain amaierara arte irauten du. Artzain askok maiatzetik mendian edukitzen dituzte ardiak, eta bertan egiten dute gazta. “Mendiko gaztak beti izan du arrakasta handia”, azaldu du Barandiaranek, besteak beste, eguraldi onarekin belar hobea egoten delako. Hala ere, errezildarrek duela bost urte utzi zioten mendian gazta egiteari, beheko larreak garbi mantentzearren. Horregatik, jezteko ardiak Errezilen edukitzen dituzte antzutu arte.
Usadioz, Aralarko artzain batzuk San Pedro egunean bazkaria egiten dute eta horrekin ematen diote amaiera gazta egiteko aldiari, lan gogorrenak bukatu eta urteko sasoirik lasaiena hasiko baitzaie. Artzainek ez dute oporrik ordea, negurako belarra hontzen, lastoa ukuiluratzen,ardiak zaintzen eta hauei ura ematen jardun behar baitute udako hilabeteetan ere.

Frantziska Uzkudunen hitzetan, garapen handiak izan du artzaintzak, aurrerapen teknikoek eskulana gutxitu baitute, esaterako, jezterako orduan. Bera 12 urterako artzain ibiltzen zela adierazi du, eta garai hartan mendian ardiak jetzi eta esnea etxera jaisten zutela, han gazta egiteko. Egun, mendian lehenengo jezteko makinak jartzen hasiak dira jada. Bestalde, egun kanpotik ekarritako pentsua eta lastoa ematen zaie ardiei jateko, duela 70 urte aldiz, etxean egindako artoa soilik jaten zuten ardiek.
 
Aurrerapenak aurrerapen, artzainen etorkizuna nahiko beltza ikusten du Aitzarteko bikoteak. Ogibide hau sustatzeko, artzainei laguntza gehiago eman behar zaizkiela dio Zinkunegik. Horretarako, mendiko bordak eta hauetara iristeko bideak egokitzea beharrezkoa dela ikusten du. Mirenek gaineratu duenez, emakumeen ibilbidea are zailagoa da, berez alderik egon beharko ez lukeen arren, gizonen mundua bezala ikusi izan baita beti. Aitzitik, ofizioa gustatuz gero, inorentzat oztoporik ez dagoela uste du. Beraz, artzain gazteek apustu gogor bezain erakargarria dute aurretik beraien artaldearen ondoan!