martes, 13 de diciembre de 2011

Bartzelonak irabazi du Bernabeuko duelua


Izaro ZINKUNEGI


Erakustaldia eman zuen berriro ere talde blaugranak Santiago Bernabeun bildutako 83.500 ikusleren aurrean. Partida hasiera gora beheratsuaren ostean, jaun eta jabe izan zen bigarren zatian, bere ohiko jokoa erakutsiz. Merengeei aldiz, jarraian lortutako 15 garaipenen soka eten zitzaien.

22. segundorako hankaz gora jarri zitzaien partida Guardiolaren mutilei. Valdes atezainak pasea egiterakoan huts egin eta Di Mariari eman zion baloia. Benzemak aldaratzean gola sartu zuen, markagailuan aurretik jarriz. Hala ere, katalanek berdintzea lortu zuten 30. minutuan Alexisen gol bati esker. Banakoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.

Bigarren zatian nagusi izan ziren Bartzelonako jokalariak. 7. minuturako markagailuan aurretik jarri ziren Xaviren jaurtiketa batek Marcelori jo eta baloia sareratzean. Real Madrilek izan zituen abaguneak ez zituen aprobetxatu, eta garesti ordaindu zuen aurrelarien punteria eza. 66. minutuan Cescek Bartzelonaren hirugarrena sartu zuen, Alvesen erdiraketa bat buruz errematatuta. Honekin, partida erabakita geratu zen.

Bartzelonak futbol zelaian, eta bereziki erdian zuen nagusitasuna eten nahian, joko zikinari ekin zioten Mourinhoren mutilek. Sarrera gogorrak egin zituzten Ramos, Pepe eta Coentraok, baina Fernández Borbalán arbitroa eskuzabala izan zen beraiekin eta txartel gorriak barkatu zizkien. Azkenean, markagailua 1-3 zegoela amaitu zen bi talde indartsuenen arteko lehia.


Partida hasi aurreko aurreikuspenak irauli eta denboraldiko lehenengo klasikoa poltsikoratu zuten beraz katalanek, aurkari zuzenaren etxean eskuratu ere. Emaitza horri esker, 37 puntu dituzte bi taldeek, eta iazko txapelduna da lider. Halere, Bartzelonak partidu bat gehiago jokatu du. Liga pil-pilean da beraz berriro ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario