lunes, 31 de octubre de 2011

Azpeitiko Sanagustin kulturgune osatuak 100 egun bete ditu


 Izaro ZINKUNEGI

Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 100 egun bete zituen pasa den urriaren 30ean. Joan den uztailaren 22an hartu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak kulturgunearen kudeaketa, udal lehiaketa atera ondoren. 


Sanagustin iazko abenduaren 11n ireki zuen Udalak, Kultur Mahaiarekin elkarlanean, baina uztailaren 22ra arte ekitaldiak zeudenean baino ez zegoen irekita. Azken 100 egun hauetan ordea, uneoro irekita egon da. Irailaren amaieran jatetxe zerbitzua jarri zen martxan, sarrera ekonomikoak lortzeko asmoz.

30 ekitaldi antolatu dira uztailaren 22tik Sanagustinen, tartean musikakoak, antzerkikoak, dantzakoak, poesiakoak… Liburutegia eta ordenagailu gune bat jartzeko asmoa ere bada etorkizunerako.


 
Azpeitiko plazan kokatutako kulturgunean sarean ere badu presentzia. Izan ere, atari digitala eskuragarri dago bisitatu nahi duen ororentzat. Horrez gain, sare sozialetan ere aurki daiteke.

domingo, 30 de octubre de 2011

Ruper Ordorikak disko berria kaleratu du


New Yorken grabatutako diskoa da eta Elkar diskoetxeak argitaratu du. “Hodeien azpian” izeneko diskoa hau hamaika abestiz osatua egongo da eta estilo pertsonalaz egindako abestiak izango dira.
2009an “Haizea garizumakoa” albuma atera ostean bi urte behar izan ditu disko berri hau kaleratzeko. Album honetan, kantuen bidez, irudi literarioari helduta, gizakiaren barruko ametsak, fantasmak eta barne-hizketak... dira jorratutako gaiak.
Bartzelonan egiten ari den Euskal Sonan aurkeztuko du diskoa eta abenduak 1ean hasiko da disko honen tourra. Lehen kontzertua Gasteizen izango da, gero, abenduaren 23an Bilbon eta abenduaren 29an Donostian arituko da Ruper Ordorika.
Kenny Wollesen eta Skuli Sverrisson ohiko kolaboratzaileekin batera, Ben Monderrek hiru abestitan jo du gitarra eta Stephen Ulrich musikariak gainerako zortzietan. Kolaborazio berri honek abestiei sonoritate berria ekarri diela adierazi du Ordorikak.

Iñigo Zelaia

sábado, 29 de octubre de 2011

Euskaltzaindiak Luis Villasante euskararen ikergunea zabaldu du Donostian

Andrea ZARATE

Euskaltzaindiak Luis Villasante ikerketa zentroa ireki du Gipuzkoan. Euskal akademiak dituen zerbitzu, proiektu eta lantalde guztiak biltzea da ikerketa zentro horren helburua besteak beste. Eraikuntza Donostiako Ibaeta auzoan dago, Tolare baserrian hain zuzen ere. Baserri hau XVIII. mendekoa da eta egungo etxeen artean kokatuta dago.

Beraz, Euskaltzaindiaren egoitza berriak Gipuzkoako zerbitzu, egitasmo eta lantalde guztiak hartuko ditu. Baina ez hori bakarrik, izan ere Jagonet Zerbitzua, Joanes Etxeberri proiektua eta akademian hiztegigintzan aritzen diren taldeak batuko ditu ere. Egoitza ezezik, ikergunea izango da ere. Horregatik, euskararen ikergunearen zatiari izen propioa jarri diote: Luis Villasante hain zuzen. Villasante Euskaltzaindiaren buruzagitzan egon zen 1970. urtetik 1988ra.

Euskararen munduko hainbat pertsona elkartu du eraikinaren inaugurazio ekitaldiak, hala nola erakundearen aspaldiko eta gaur egungo kideak, ordezkariak eta agintariak.


Steven Spielberg zuzendariak Albert Espinosaren 'Polseres Vermelles' telesailaren bertsio amerikarra produzituko du

Andrea ZARATE

Steven Spielberg zuzendaria arduratuko da Albert Espinosaren 'Polseres Vermelles' (Pultsera Gorriak) telesailaren bertsio amerikarra egiteaz Dreamworksen laguntzarekin. 'Polseres Vermelles' telesailak ospitalean dauden eta minbizia duten gazte talde baten istorioa kontatzen du, eta azkenengo denboraldian telesail honek arrakasta handia lortu du TV3an.

Albert Espinosa telesailaren sortzailea eta gidoilariak adierazi duenez, AEBetako bertsioa 'The red band society' deituko da seguraski. Zuzendari katalanak esan duenez, bere bizitzaren egunik hunkigarrienak izan ziren Spielberg-ek telesailarekin negar eta barre egin zuela jakin zuenean. Gainera, Espinosaren arabera, esku onean uzten du telesaila.

Telesaila Espinosaren bizitzan oinarrituta dago, gaztea zenean minbizia izan baitzuen hiru aldiz, horietako batean hanka galduz. Beraz, telesailaren izenburuak gaixotasunari erreferentzi egiten dio, izan ere ebakuntza bakoitzean pultsera gorri bat jartzen zioten.

Badator Euskal Sona 2011!


Aurten ere Bartzelonako euskal etxeak EuskalSona izeneko ekitaldia aurkeztu du. Jaialdiaren 12. edizioa da eta urtero ospatzen den zirkuitu honek euskal musika Bartzelonara eramateko balio du, eta hainbat musikarik kontzertuak eskainiko dituzte Kataluniako hiriburuan.
Jaialdia honen helburua euskal musika eta kultura Katalunian ezagutzea izango da eta ostiral honetan hasiko da Ken Zazpi taldearen eskutik eta beste zenbait talde famatu arituko dira hurrengo egunetan. Besteak beste: Zea Mays, Gatibu, Vendetta, Kepa junkera… bezalako taldeak.
Kontzertuez aparte, euskal dantza taldeak joango dira dantza desberdinak irakasteko eta gainera txalaparta eta kantu tailerrak ere antolatu dituzte. Oztopoak oztopo, baina, jaialdiari eusteko apustua egin du elkarteak.
Iñigo Zelaia

lunes, 24 de octubre de 2011

Hitanoa lantzeko eta sustatzeko egitasmoa jarri dute martxan Azpeitian

Izaro ZINKUNEGI


Hitanoa indartzeko proiektua aurkeztu zuten pasa den ostiralean Azpeitian, "Arin-arin hika egin!" izenpean. Udaleko Euskara Patronatuak eta Mintzola fundazioak herriko ikastetxeekin elkarlanean eginiko egitasmoa da. Hitanoa indartzea da funtsean honen helburua.

Egindako ikerketen arabera, hitanoa erabiltzen duten hiztunen kopurua eta erabiltzeko esparruak urritzen ari dira, baita kalitatea okertzen ere. Hitanoa euskararen altxorretako bat izanik, egoerari buelta emateko asmoz ekin diote lanari proiektuaren sustatzaileek. Zumaian aurrez martxan jarrita egonik, esperientzia hori izango dute oinarri Azpeitiko kasuan.

Azaroan hasiko dira egitasmoa ikastetxeetan lantzen, DBH-ko bigarren zikloko ikasleekin hain zuzen ere. Hala ere, luzerako iritsi da “Arin-arin hika egin!”, hala, adin-tartea ere zabalduz joango da aurrera egin ahala.

Informazio gehiago eskuragarri Azpeitiko aldizkariaren atari digitalean.

Eratu taldeak bere lehen diskoa kaleratu du


Izaro ZINKUNEGI

Eratu taldeak plazaratu berri du bere lehen diskoa, rocka, metala eta doinu melodikoak nahastuz. Pasa den urte amaieran sorturiko talde gazte honek Tolosako Bonberenean grabatu du bere lehen lana, eta jende ezagunak ere parte hartu du ibilbide horretan, tartean, Governors taldeko abeslariak.

Eratu Ondarroako, Aguraingo eta Gasteizko hiru mutilek osatzen dute. Taldeak ibilbide laburra izanagatik, pasa den apirilean hasi ziren lehen diskoaren grabaketa lanetan, Karlos Osinaga “Txap”en laguntzarekin. Sei hilabeteko lanaren ostean, hamar kantuz osaturiko diskoa egin dute. Taldekideek azaldu dutenez, argitaletxeekin saiatu arren, azkenean auto-ekoizpenean oinarrituta grabatu dute lehen diskoa.



Laster izango da lanaren emaitza ikusteko aukera, izan ere, ostiral honetan Zumaiako gaztetxean joko dute Arramazka taldearekin batera. Azaroaren 4an berriz, diskoaren aurkezpen berezia egingo dute Ondarroako Kafe Antzokian.  

Info+ gara.net 

domingo, 23 de octubre de 2011

Pirateriaren amaiera zineman urte bete edo biren buruan izango dela iragarri du Bigas Lunasek

Andrea ZARATE

Bigas Luna zinemagileak iragarri du zineman pirateriaren amaiera oso gertu dagoela eta amaiera hori “urte bete edo biren” buruan izango dela, telefonia mugikorrek produkzio zinematografikoa zuzentzen hasi orduko. SEMINCI (Semana Internacional de Cine Valladolid) jaialdiko 56. edizioaren aurrerapen batean adierazi du Bigas Luna  errealizatzaileak, ikuskizun horren babeslea baita.

Bigas Luna katalanak adierazi duenez, Interneten doaneko pelikulen deskargak bukatuko dira, telefonia mugikorren enpresek sustatuko baitute. Gainera, bideokasetearekin berdina gertatuko dela esan du. Bigas Luna zinemagilearen arabera, aparatu horiek saltzen zituzten sozietateek pelikula produktoreak bihurtu ziren, izan ere zinema sortzea interesatzen zitzaien.


Errealizatzailearen ustez, telefonia mugikorren operadoreek explotazio eskubideak eskuratuko dituzte, eta horren ondorioz “ez dituzte deskargak onartuko beraien kontrolpean dagoen zeozertan”. Zinemagile katalanarentzat pirateria gelditzeko zaila izan arren, “laster amaituko” dela azpimarratu du.


Oasis taldea berriz elkartu daiteke

Iñigo ZELAIA

Duela bi urte Oasis taldea banatu egin zen taldea osatzen zuten Liam eta Noel Gallagher anaiek zituzten ika-mikengatik. Baina taldearen disko salduenaren 20.urteurrena gero eta hurbilago dago eta Noelek disko horrekin bira bat egitea nahi du.

Abuztuan Noel Gallagherrek esan zuen arinegi hartu zuela taldea uzteko erabakia eta agian, utzi beharrean, denbora batez baztertu bakarrik egin behar zuela. Oraindik ere bi anaien artean ez dira ondo konpontzen baina Liamek “The Rolling Stone” aldizkarian adierazi du, zaleak merezi dutela berriro ere biraren bat ikustea. 
Manchesterreko talde hau, Britpop delako mugimenduaren talderik esanguratsuena izan zen laurogeita hamargarren hamarkadan zehar, “Wonderwall” edo “Roll With It” bezalako abestiengatik eta taldea bueltatuz gero, musika mundurako albiste ezin hobea izango da.

Ze Esatek taldeak disko berria aterako du

Iñigo ZELAIA

Talde gipuzkoar honek bere bigarren lana aterako du azaroan. “Rock and Ron” izena jarri diote disko honi eta hamar abestiz osatua egongo da. Zaleak disko berria noiz aterako zain daude, izan ere, bere lehen diskoarekin Euskal Herrian famatu egin dira.

Disko hau Usurbileko Hi-gain estudioetan grabatzen ari dira eta Elkar diskoetxearekin aterako da azaroaren amaierarako. Bertan aipatuko diren gaien artean, festa izango da gai nagusia. 

Arrakastaren arrazoia taldeak duen mugiarazteko erraztasuna edo jotzen duen musika estiloa izan daiteke. Taldean asko dira eta musika tresna asko nahasten dituzte. Guzti horrek erantzuna izan du entzuleengan, eta “kantuz eskertu” edo “Maite zaitut Miren Azkarate” bezalako abestiak Euskal Herriko txoko gehienetan entzuten dira.

jueves, 20 de octubre de 2011

Josetxu Rodriguez: “Irakurleak bakarrik minutu bat eta hogei segundu eskaintzen dio albiste bakoitzari”

Andrea ZARATE

Josetxu Rodriguez Deia.com-en arduraduna EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatera etorri da web orrialdearen ezaugarriei buruz hitz egitera. Hasieran, webgune bat zer den azaldu du, eta gero haren funtzionamendu eta antolaketari buruz hitz egin du, era orokor batean eta Deia.com-en zehaztuz.

J. Rodriguezek adierazi duenez, kazetaritza digitalean garrantzitsua da jakitea irakurleak bakarrik minutu bat eta hogei segundu eskaintzen diola albiste bakoitzari. Deia.com-en arduradunaren arabera, kazetari batek informazio fluxu iraunkorrari eta irakurlearen iritziari aurre egin behar dio, azkenean irakurlea webgunean batez besteko bost minutu besterik ez egoteko. Egunkari digital bateko albisteak iragankorrak direnez, irakurleek begibistan izateko leku estrategikoetan kokatu behar dira.

Bestalde, gaur egun oso garrantzitsuak dira multimedia-elementuak: bideoak, argazkiak, linkak eta audioak esaterako. Irakurleek iritzia emateko gune bat izatea gomendagarria da ere, horrexegatik sare sozialen erabilpena ohikoa da horrelako medioetan.

Azkenik, Deia.com-en arduradunak webgune batek dituen oinarrizko informazio iturriak aipatu ditu: egunkari bereko beste kazetariak, teletipoa, 900 telefono zenbakiak, korrespontsalak, web orriak, wikipedia eta sare sozialak besteak beste. Gainera, informazio iturri gisa erabili daitekeen sare sozial batean zentratu da, Menéame web orrian hain zuzen ere. Josetxu Rodriguezen ikuspuntutik, mota honetako web orriak oinarrizkoak izaten dira kazetariek jendeari interesatzen zaizkion albisteak aurkitzeko. 

martes, 18 de octubre de 2011

Spik proiektu akademikoa eskaintzen du Leioako Campusak, euskara eta ingelesa hobetzeko

Izaro ZINKUNEGI

Spik proiektu akademikoa eskaintzen du EHU Bizkaiko Campusak, 2011-2012 ikasturterako. Ingeles eta euskara maila ertaina duten ikasleei zuzenduriko eskaintza da honakoa. Jadanik hasiak dira klaseak ematen. 


Ikasturte honen hasieratik martxan dagoen proiektu honek malgutasuna eskaintzen die ikasleei. Izan ere, klase presentzialetara joanez edo online bidez egin daiteke, eta ordutegi ezberdinak ere eskaintzen ditu. Honekin batera, agiri ofizialak lortzeko eskaintza ere badu. 


Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Hizkuntza Laborategian dago kokatua. Baina proiektu akademiko honek badu atari digitala ere, nikspik.net hain zuzen. Bertan eskura daiteke zerbitzuari buruzko informazioa, izen-ematea, kokapena… Era berean, esku-orriak, kartelak, iragarkiak... eskura daude fakultateetan.



Klaseetan hasi berria den publizitateko 2. mailako ikasle batek adierazi duenez, eskaintza egokia iruditu zaio, bereziki ordutegiaren malgutasuna dela eta. Bestalde, fakultatean bertan egotea ere eskertzen dela azaldu du.

lunes, 17 de octubre de 2011

Bertsolari dokumentala estreinatu da aretoetan


Izaro ZINKUNEGI

Bertsolari filma estreinatu berri dute zinema aretoetan. Pasa den ostiralean iritsi zen aretoetara Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zen lana eta irailaren 16tik 24ra bitartean egon zen ikusgai. Ordutik arrakasta handia izan du ikusleen artean Asier Altuna zuzendari bergararraren dokumentalak.

Arrasaten eta Tolosan egin dira Bertsolari lanaren aurre estreinaldiak. Tolosakoa urriaren 12an egin zen, Leidor aretoan. Bertan izan zen Asier Altuna zuzendaria, baita Andoni Egaña ere, dokumentalean parte hartu duen bertsolarietako bat. Asteburuan emanaldi ugari izan dira Euskal Herriko hainbat herritan, eta berriro ikusteko aukera izango da egunotan ere.


Zuzendariak adierazi duenez, nazioarteko hainbat zinema jaialditarako gonbitea jaso du jada. “Euskara era positibo eta erakargarri batean aurkeztea eskertu didate”, adierazi du bergararrak.

martes, 11 de octubre de 2011

Gontzal Mendibil Bilboko “Campos Antzokian” arituko da

Kontzertua urriaren 16an izango da, igandea eta bertan abesti tradizionalak abesteaz aparte, 2011n ateratako bere azken diskoko, “Neure txiki polita”, kantak joko ditu.
Abeslari eta konpositore bizkaitarrak Arratia eta Gorbeialdeko kantu batzuk abestuko ditu eta baita bere aurreko diskoetako abestirik ezagunenak. Eszenario gainean ez da bakarrik egongo, koreografian dantza talde batek eta umeek lagunduko diote eta gainera, Pascual Molongua kale-abeslaria ere bertan egongo da.
Kontzertu honekin jendearen zuzeneko parte hartzea bultzatu nahiko du eta koreografiez aparte, Gorbeialdeko paisaien irudiez lagunduta egongo da. Euskaraz abestuko du eta bere abesti gehienak herrikoiak dira. Kontzertu honekin  bertara hurbiltzen direnak pop mundura hurbildu nahi ditu eta disfrutatu dezaten.

Iñigo Zelaia

lunes, 10 de octubre de 2011

Nacho Vigalondok lortu du "Corto y Creo" zinemaldiaren Nueva Ola saria

Andrea ZARATE

Nacho Vigalondo zuzendari eta gidoilariak Nueva Ola saria jasoko du urriaren 16an, Corto y Creo laburmetraien ekitaldiaren amaieran. Vigalondo zuzendari kantabroa "7.35 de la mañana" laburmetraiarekin ezaguna egin zen duela sei urte, horrekin Oscarretara joan baitzen.

Corto y Creo zinemaldiaren lehenengo edizioa da aurtengoa eta Santanderren ospatuko da urriaren 13tik 16ra arte. Bertako alkatea Iñigo de la Sernak azaldu duenez, zinemaldi honen xede nagusia zinema sortzaile berrien lorbidea izatea da.

Beraz, sari honen bitartez Nacho Vigalondoren zinema ulertzeko “forma partikularra” aitortuko du epaiak.



Uxue Alberdik eta Alaia Martinek irabazi dituzte G Puntuko azken bi kanporaketak

Izaro ZINKUNEGI

Uxue Alberdi eta Alaia Martin gailendu dira G Puntuko azken bi final-zortzirenetan. Lasarte-Orian eta Irunen izan ziren saioak, hurrenez hurren. Jadanik amaitu da final-zortzirenetako fasea, eta 24 bertsolari sailkatu dira, puntuazioaren arabera.

Zazpi kanporaketa jokatu dira iraileko lehenengo asteburutik pasa den iganderaino. Saio horietako zazpi bertsolariek final-laurdenetarako txartela lortu dute zuzenean. Honakoak dira bertsolariak: Iñigo Manzisidor “Mantxi”, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Jokin Uranga, Uxue Alberdi eta Alaia Martin. Bertsolari horiez gain, beste hamazazpi sailkatu dira puntuazioaren arabera.

Datorren asteburuan, urriaren 22an hasiko dira final-laurdenak. Lehenengo saioa Oñatin jokatuko da, eta ondorengoak Billabonan, Hondarribian, Idiazabalen eta Azpeitian.

Aritz Morenok irabazi du Filminute laburmetraien nazioarteko txapelketa

Andrea ZARATE

Aritz Moreno errealizatzaile donostiarrak irabazi du aurtengo Filminute laburmetraien nazioarteko txapelketa “Loop” laburmetraiarekin. Filminute laburmetraien txapelketa 2007. urtetik ospatzen da. Txapelketaren ezaugarri nabarmenetariko bat da proiektuak bakarrik minutu bat iraun dezaketela.

Aritz Moreno zuzendari gazteak egin dituen lanen artean “Cotton Candy” (2008) eta “Bucle” (2011) lanak daude, Kimuak katalogoan aukeratuak izan zirenak urte horietan. Bestalde, Lobo Electrico Rock bandaren“Mutante”  bideoklipaz arduratu zen.

Horretaz gain, Filminute laburmetraien nazioarteko txapelketan publikoaren saria eman dute ere, kasu honetan Herbeeretako Oblivioneri. Guztira 132 herrietako jendea parte hartu dute 2011ko Filminute lehiaketan.


Basque Culinary Center ostalaritza eskola inauguratu da


Euskal Herria gastronomiarekin lotzeko arrazoi berri bat dugu. Oraingoan, Basque Culinary Center izeneko sukaldaritza eskola inauguratu delako da. Eraikin hau irailaren 27an zabaldu zituen bere ateak eta bertan Asturiasko printzeak egon ziren. Fakultatea Miramoneko Parke Teknologikoan dago kokatua eta Mondragoneko Unibertsitatearena izango da.


Oso fakultate berezia izango da, batetik, eraikinak duen diseinu futurista dela eta; bestetik, irakasle edota inspiratzaile bezala, Michelin izarra duten sukaldariak izango direlako, hala nola, Arzak, Berasategi edo Argiñano. 

Fakultate honetan, 70 ikaslek hartuko dute parte, horietako batzuk munduko herrialde desberdinetatik etorriak. Adibidez: Venezuela, Mexiko, Kolonbia, Txina edo Frantziako ikasleak. Baina Espainiako ikasleak ere egongo dira.

Iñigo Zelaia

Balorazio positiboa egin dute Kilometroen antolatzaileek

Izaro ZINKUNEGI

Urriaren 2an ospatu ziren aurtengo Kilometroak Azpeitian, Klik! lemapean. Oso balorazio positiboa egin dute bertako antolatzaileek hainbat komunikabidetan. Aurreikuspenak goitik behera beteta amaitu zuten eguna antolatzaileek, eta eskerrak luzatu dizkie lanean aritu diren guztiei. Bertaratutakoek ere egun polita zela adierazi dute.

Urte osoan egindako lanketari urriaren 2ko egitarau zabalarekin eman zion amaiera Azpeitiko Ikasberri Ikastolak. Hala, iaz Pasaia-Lezoko Ikastolari hartutako lekukoa Andoaingoari eman dio, beraz, hurrengo urtean bertan ospatuko da Gipuzkoako Ikastolen aldeko eguna.

Duela hamabost urte zabaldu zituen ateak Azpeitiko Ikastolak. Egun 500 ikasle inguru daude bertan. Kilometroetan lortutako irabaziekin haur-eskola handitzeko proiektua zutela azaldu zuten antolatzaileek, ikasle asko baitaude.

domingo, 9 de octubre de 2011

'Amantalen Ahotsa' estreinatu dute gerra zibilaren 75. urteurrenarengatik

Andrea ZARATE


1936ko Gerraren 75. urteurrena gogorarazteko, Amantala Kultur Elkarteak “Amantalen Ahotsa” ikuskizuna aurkeztu du Donostian. Ikuskizun honen bitartez, Gerra Zibilaren garaiko historia emakumeen ikuspegitik erakutsi nahi dute, haiek izandako "pozak, nekeak eta buruhausteak" erakutsiz.

Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu da lehen aldiz ikuskizuna. “Amantalen Ahotsa” adineko emakumeen testigantzak dira, ahotsak.com webguneko bideo zatiak. Ikuskizuna Gipuzkoa osoan jasotako testigantzetan oinarritzen da: Maialen Lujanbio, Amaia Zubiria, Itziar Ituño, Ainere Tolosa eta Sara Cozarren testigantzetan adibidez.

Horretaz gain, 75. urteurrenaren ikuskizun honetan bertsoak, zuzeneko musika, kantuak, antzezlanak eta dantzak egon dira ere. Sarrerak 12 eurotan saldu dira irailaren 29tik aurrera, Viktoria Eugenia antzokian, Principal antzokian eta Interneten.



John Wayne aktorearen bilduma familiarra enkantean jarri dute minbiziaren kontra

Andrea ZARATE

John Wayne aktorearen bilduma familiarraren sariak, gidoiak eta 700 traje baino gehiago saldu dira minbiziaren kontrako enkantean. Dirudienez, saldutako objektuek 5,4 milio dolarreko balioa lortu dute enkanteko bi jardunaldietan. Washington Post egunkariak azaldu duenez, objektuengandik jasotako diruaren zati bat John Waynen fundaziora joango da, minbiziaren kontrako ikerketa eta tratamendu programak finantziatzeko.

Californiako Los Angeles hirian ospatutako bi eguneko enkantean, eta Waynen objektu askoren artean, Heritage Auctions sinadurak aktorearen gidabaimena saldu du 89.625 dolarren truke. Horretaz gain, "El Dorado" pelikulan agertu ziren pistola eramateko zorroa eta gerrikoa saldu dira 77.675 dolarrengatik. Baina, saldu den objektu garestiena artilezko kapela bat izan da, 179.250 dolarren truke. Aktoreak "The Green Berets" (1968) filmean jantzi omen zuen kapela.