sábado, 17 de diciembre de 2011

Animalia basatientzat argi izpi bat


Bizkaiko animali basatiak sendatzeko zentroak hamabi urte bete ditu eta urtero 1.000 espezie inguru errekuperatzen ditu

Bizkaiko fauna basatia errekuperatzeko zentroa 1999ko uztailean hasi zen lanean Gorlizko Foru basetxearen egoitzan, gai honen inguruan zegoen eraikin faltari erantzuna emanez. Zentro hau Bizkaiko Foru Aldundiak sortu zuen animaliak sendatzeko, errekuperatzeko, babesteko eta ikerketak egiteko asmoarekin. Bestalde, errekuperazio-lanetarako herritarren parte-hartzea sustatzeko planak ere egiten dira bertan.

Gaur egun, animaliak sendatzeko zentroak ezinbestekoak bilakatu dira ingurumenaren egoera gero eta txarragoa baita. Oso beherakada kezkagarria eragin du animalien espezie askotan, eta horietako batzuk galzorian daude orain. Hori horrela izanik, edozein arrazoi dela-eta naturan beren kasa bizitzen jarraitzerik ez duten animaliak biltzen ditu zentro honek, bestela Iñaki Intxaurraga zentroko albaitariak dionez: “hil egingo lirateke”.
Urtero 1.000 animali inguru heltzen dira Gorlizko zentrora, batzuk onik, beste batzuk zauriekin edo hilzorian, baina gehien bat hilik. Batez ere hegaztiak heltzen dira baina animalia exotikoak, fokaren bat, delfinen bat eta tarantulak ere egon izan dira. Zentrora joatearen arrazoi nagusiak kotxeak harrapatuta, legez kanpoko ehiza, pozoinketak eta kutsadura dira.

Animalien katalogazioa edo sailkapena edozein dela ere tratatu egiten dira eta ahalegin handiagoak egiten dira babestutako espezieak berreskuratzeko. Animalia batzuk errehabilitazioa egin behar izaten dute eta ondoren, berriz itzultzen dira beren habitat naturalera, hots, bizirik irauteko beharrezko bermeekin.

Askatasunean bizi diren animaliekin nekez egin daitezkeen zenbait ikerketa Sendatzeko Zentroan dauden animaliekin egin daitezke.

Eginkizun horretaz gain, Fauna Basatia Sendatzeko Zentroa leiho moduko bat da Bizkaiko animalien populazioaren egoera baloratzeko, baita gaixotasun ohikoenak eta espezie desberdinen jokabideak aztertzeko. Horretarako, ekosistemako arriskuak salatu eta irtenbidea bilatzeko babes programak eta dibulgazio kanpainak bultzatzen dira.
Askatasunean bizi diren animaliekin nekez egin daitezkeen zenbait ikerketa Sendatzeko Zentroan dauden animaliekin egin daitezke, betiere berreskuratzeko prozesuari kalterik egiten ez bazaio.
Bizirik zein hilik dauden animaliekin lan egiteak espezieen jokabideari, patologiei, tratamenduei eta abarri buruzko informazio iturri handia eta baliotsua ematen du. Material biologiko horren azterketaren bidez lorturiko informazioa ezinbestekoa da balorazio epidemiologikoa egiteko, eta gainera, oso tresna baliagarria da arriskuan dauden espezieak berreskuratzeko programak diseinatzerakoan. Intxaustik esaten du ikerketa hauekin animalietatik gizakietara pasa daitezkeen gaixotasunen ezagutzan ere aurrerapausoak eman ditzaketela, esaterako hegazti gripea.
“Euskal Herriak oso fauna aberatsa dauka baina ez gara horretaz ohartzen, batez ere, ez dugulako ezagutzen”.
Iñaki Intxausti, Gorlizko zentroko albaitaria
Zentro honek operazio baten beharra duten animaliak ere har ditzake, ebakuntza  gela bat dutelako kasu larrienetarako. Adibidez: egin duten azken ebakuntzen artean, arrano bati ezker hegoan zituen perdigoi zatiak kendu dizkiote eta ebakuntzaren ondoren errehabilitazio lanetan hasi da. Aste gutxiren buruan aske utziko dute.
Zentroak larrialdiak hartzen ditu eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan. Gainera, Nekazaritza Saileko basozainek, Base Gorritik SOS Deiak-en 112 larrialdi telefonoarekin koordinatuta, herritarrei abisua emateko ardura dute.
Azken helburua ingurune egokian animali hauek askatzea da, ekosistemara sartzeak ez badio negatiboki eragiten animaliari. Gainera, zentrora espezie hori ekarri duten pertsonei animaliaren egoerari buruzko bilakaeraren inguruko azalpenak ematen zaizkie. Animalia askatzeko orduan, aurkitu duen pertsonak animalia bere eskuekin aska dezan ahalegintzen da zentroa. Beste batzuetan, gonbitea luzatzen zaie animalia askatzeko unea ikusteko interesa erakutsi duten taldeei, bereziki eskolako umeei. “Euskal Herriak oso fauna aberatsa dauka baina ez gara horretaz ohartzen, batez ere, ez dugulako ezagutzen” dio Intxaustik.

2009an hamar urte bete zituen zentroak eta hori ospatzeko urte guzti horietan egindako ekintzak eta izandako esperientziak liburu batean argitaratu zituzten. Liburu hau euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dago eskuragai eta dohainik lor daiteke. Liburuan animalia basati bat zaurituta aurkitzen denean zer egin behar den edota zentroak dituen ezaugarriak azaltzen dira.
Zentroa handitzeko planak
Bizkaiko Foru Aldundiak zentroa handitzeko proiektua abian jartzen ari da. Proiektu honen helburu nagusia animaliak naturan askatu baino lehen hegaztiek hegan egin ahal izateko zona bat izatea da.  Horretaz aparte, instalazioak berritu nahi dira espezie bakoitzaren eskari zehatzari egokitu ahal izateko baita, herritarrak Euskal Herriko faunaz gehiago jakiteko dibulgazio ikastaroak egin ahal izateko gelak jartzea.
“Zentroa txiki geratu da hainbeste animalientzat eta behar-beharrezkoa dugu zentroa handiagotzea hegaztiek hegan egiteko zona batekin, bestela oso zaila zaigulako jakitea askatzeko prest dauden ala ez” dio Intxaustik.
Beste hainbat sektoretan bezala, krisiak ere eragina du eta momentuz proiektua ideian bakarrik gelditu da. Intxaustik esaten du Bizkaiko Foru Aldundia ahal den guztia egiten ari den arren, garrantzi handiagoa duten proiektuak daudela  aurretik.   

                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                 
Ezjakintasuna nagusi
Bizkaitar gutxik daki Gorlizen animaliak errekuperatzeko zentroa dagoela. Intxaustik esaten du jendea ez dagoela oso kontzientziatua Bizkaiko faunarekin eta nahiz eta Euskal Herrian oso aberatsak izan aspektu horretan bere ustez, “ezjakintasuna da nagusi”. Hori bai, pixkanaka kontzienteagoak izaten ari garela esaten du eta gizarteak gero eta gehiago zaintzen duela ekosistema.
Iñaki Intxausti Gorlizko zentroko albaitaria eta arduradun nagusia da
Iñaki Intxausti Barakaldon jaio zen eta betidanik izan du animaliekin harreman berezia. Salesianos eskolan ikasi zuen baina txikitatik albaitaria izan nahi zuen eta Intxaustik esanda: “Ez nintzen ia eskolara joaten animaliekin ikerketak egitea gustatzen zitzaidalako”.
Eskola bukatu eta Zaragozako unibertsitatera joan zen albaitaritza ikastera. Bertan bost urte eman zituen eta gero Nafarroan behiekin lanean hasi zen: “behiekin lan egitea zen niri gehien gustatzen zitzaidana eta gainera ondo ordaindutako lanbidea zen prestigioa lortuz gero”: Bi urte pasatu zituen eta Avilara joan zen gehiago ikastera.
Avilan ordezkapena egin ostean, Bizkaira bueltatu zen, Mungiara. Uribe Kostan behiekin lan egiten ari zen gizona jubilatzear zegoen eta berarekin urte bete egon ondoren, bere lekua hartu zuen: “Unibertsitateko apunteak erabiliz eta Jose Mariren (lankidea) laguntzarekin asko ikasi nuen”. Azkenik Bizkaiko Foru Aldundiak Iñaki Intxaurragak lortutako prestakuntzagatik eta egun dagoen zentro falta zela medio lan hau proposatu zion.
Intxaustik esaten du oso zaila dela horrelako zentro bat eramatea, egunero animalia berriak heltzen direlako eta bakoitzaren inguruko ikerketa egiten denez, lan handia dakarrela horrek. Gaineratu du, herritarrek duten ezagutza minimoa dela eta, zentrora zauritutako animalia basatien laurdena bakarrik heltzen dela.

Iñigo Zelaia
Erreportajea

No hay comentarios:

Publicar un comentario