viernes, 16 de diciembre de 2011

Ardien pausuak, artzainen ibilbide


Arkumeak zaintzen eta gazta egiten ari dira artzainak, udaberria ahalik eta lasterren iritsiko denaren esperoan

Izaro ZINKUNEGI

Udazkenarekin batera iritsi da berriro ere arkumeak jaiotzeko garaia euskal artzain gehienentzat. Urri erdialdera ardiak menditik jaisten dituztenetik, geratzen zaizkien egun apurrak aprobetxatzen dituzte arditegiak atontzeko. Jadanik gazta egiteari ere ekin diote horietako askok. Gutxik ezagutzen dute egun pertsona bakar batzuen ogibidea den lanbide hau, euskaldunon historia urte luzetan markatu badu ere.

Jaiotzek eta arkumeei esnea emateak buruhauste ugari sortu dizkie egunotan Miren Barandiaran eta Juan Mari Zinkunegi senar-emazte errezildarrei. Hogeita bi urte daramatzate artzain munduan, eta hamabost Aitzarte Idiazabal Gazta egiten. 600 ardi latxa inguruko artaldea dute, eta artzaintzatik soilik bizi dira. Frantziska Uzkudun Juan Mariren amak adierazi duenez, lehen 70 buru inguruko artaldeak izaten ziren, eta baserri gehienetan zituzten ardiak. Orain, artzain gutxi egonagatik, artalde handiagoak izaten dituzte. 

Udaran 35-40 artzain inguruk Aralarko larreetan edukitzen dituzte ardiak, baita Aitzarte baserrikoek ere. Duela bi hilabete jaitsi zituzten beraien artaldeak artzain gehienek, azaro erdialdera jaiotzen baitira lehenengo arkumeak. Ordutik, arkumez inguratuta igarotzen dituzte eguneko ordu gehienak, baita gaueko batzuk ere. Azaroan ukuiluan prestatuta duten gela batean egiten du lo Juan Marik, gauez ardiei begiratzera jaiki behar baitu. “Hilabete pasatzerako jaiotzen dira arkume gehienak”, adierazi du Zinkunegik. Horrek zertxobait lasaitzen du bikotearen egunerokoa. Halere, egun gogorrak igarotzen dituztela esan du, arkumeak handiak eta sarritan bikiak izaten baitira.
Lehenengo arkumeak 20-30 egun egitean, harategira eramaten dituzte eta gazta egiteari ekiten diote. Goizean eta iluntzean jezten dituzte ardiak makinan eta hurrengo goizean gazta egiten dute, aurreko eguneko esnearekin. Gaztak egosi gabeko esnearekin egin direnez bi hilabetez 8-9 gradutan egon behar dute. Miren Barandiaranek azaldu duenez, Idiazabal jatorri izendapena eduki ahal izateko “lotura handiak” dituzte eta arau zorrotzak bete behar dira, hala nola, bi astean behin esnearen analisia egin, kontaketak zuzen burutu, gazta gutxienez bi hilabete ontzen eduki...

Gaztagintzak abendu erdialdetik ekain amaierara arte irauten du. Artzain askok maiatzetik mendian edukitzen dituzte ardiak, eta bertan egiten dute gazta. “Mendiko gaztak beti izan du arrakasta handia”, azaldu du Barandiaranek, besteak beste, eguraldi onarekin belar hobea egoten delako. Hala ere, errezildarrek duela bost urte utzi zioten mendian gazta egiteari, beheko larreak garbi mantentzearren. Horregatik, jezteko ardiak Errezilen edukitzen dituzte antzutu arte.
Usadioz, Aralarko artzain batzuk San Pedro egunean bazkaria egiten dute eta horrekin ematen diote amaiera gazta egiteko aldiari, lan gogorrenak bukatu eta urteko sasoirik lasaiena hasiko baitzaie. Artzainek ez dute oporrik ordea, negurako belarra hontzen, lastoa ukuiluratzen,ardiak zaintzen eta hauei ura ematen jardun behar baitute udako hilabeteetan ere.

Frantziska Uzkudunen hitzetan, garapen handiak izan du artzaintzak, aurrerapen teknikoek eskulana gutxitu baitute, esaterako, jezterako orduan. Bera 12 urterako artzain ibiltzen zela adierazi du, eta garai hartan mendian ardiak jetzi eta esnea etxera jaisten zutela, han gazta egiteko. Egun, mendian lehenengo jezteko makinak jartzen hasiak dira jada. Bestalde, egun kanpotik ekarritako pentsua eta lastoa ematen zaie ardiei jateko, duela 70 urte aldiz, etxean egindako artoa soilik jaten zuten ardiek.
 
Aurrerapenak aurrerapen, artzainen etorkizuna nahiko beltza ikusten du Aitzarteko bikoteak. Ogibide hau sustatzeko, artzainei laguntza gehiago eman behar zaizkiela dio Zinkunegik. Horretarako, mendiko bordak eta hauetara iristeko bideak egokitzea beharrezkoa dela ikusten du. Mirenek gaineratu duenez, emakumeen ibilbidea are zailagoa da, berez alderik egon beharko ez lukeen arren, gizonen mundua bezala ikusi izan baita beti. Aitzitik, ofizioa gustatuz gero, inorentzat oztoporik ez dagoela uste du. Beraz, artzain gazteek apustu gogor bezain erakargarria dute aurretik beraien artaldearen ondoan!

No hay comentarios:

Publicar un comentario