sábado, 8 de octubre de 2011

Berri txarrak taldearen disko berria abian da


Berri txarrak taldeak disko berria aterako du azaroaren amaiera aldera. Disko honen izena "harian" da eta Los Angelesen ari dira grabatzen. Hamabi abestiz egongo da osatua eta Ross Robinson izango da disko honen produktorea. Perstona hau "Slinpknot" edo "Korn" bezalako taldeen produktorea da eta horrek diskoari beste aire berritzaile batzuk ematea espero da.
 
Oraindik ez dago disko horretako abestirik entzungai baina zaleak itxaropentsu daude disko honekin, izan ere, talde hau Euskal Herriko rock estiloko ezagunena da eta bertako taldea izanda nazioartean garrantzi gehien izan duena. Gainera, oihartzun hau euskaraz abesten lortu dute. Zazpigarren diskoa izango da eta zaleek espero dute aurreko diskoa, "Payola" bezain disko arrakastatsua izatea.

jueves, 6 de octubre de 2011

Xabier Leteren omenezko bira Bilbora heldu da

Iñigo ZELAIA
 
Ia urtebete hil zen Xabier Leteren omenez egiten ari den bira Bilboko euskalduna jauregira heldu da. Larunbat honetan, urriaren 8an izango da eta partaideak Mikel Urdangarin, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Alex Sardui Gatibuko abeslaria eta Kirmen Uribe izango dira.

Gainera, Euskaldunako ikuskizun honetan Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Jabier Muguruza, Amaia Zubiria, Anje Duhalde, Arantxa Irazusta, Petti eta Erramun Martikorena bezalako abeslariek hartuko dute parte.

Karlos Gimenez piano-jotzailea, Joxan Goikoetxea soinujolea, Francisco Herrero biolin-jotzailea, Luis Fernandez biolontxelo- jotzailea eta Txema Garces eta Xanet Arozena gitarra-jotzaileak izango dituzte taula gainean lagun.

Ikuskizunean, Elortza eta Iturriagaren bertsoei eta beste abeslariei pianoarekin, biolontxelo batekin, soinuarekin eta gitarrak izando dituzte beraien abestiak lagunduz.

Bilbon jo aurretik, Iruñean, Baionan… egon dira eta Bizkaian ikuskizun hau eman ostean birak jarraipena izango du Urnietan, Donostian, Gasteizen…

martes, 4 de octubre de 2011

Euskadi Literatura saria irabazteagatik dagokion dirua atxikiko dio Eusko Jaurlaritzak Sarrrionandiari

Izaro ZINKUNEGI

Saiakera arloko Euskadi Literatura saria irabazi berri du Joseba Sarrionandiak "Moroak gara behelaino artean?"deituriko lanarekin. Sari honek ordea, soka luzea ekarri du atzetik, izan ere, diruz ez saritzeko asmoa azaldu zuen atzo Lakuak. Adierazpen hauek haserrea eta harridura eragin dute idazlearen familiako eta ez hain gertuko askoren artean.

Zazpi urteko lanaren emaitza da Moroak gara behelaino artean? obra. Fraide frantziskota baten gorabeherak kontatzen dira hasieran. Kapitalismoa, kultura eta Euskal Herriaren etorkizunari buruzko ggoeta dator ondoren. Epaimahaiaren iritziz, ondo dokumentatutako, garatutako eta egituratutako lan sendoa da. 

Epaia jakin bezain laster, Eusko Jaurlaritzak epaimahaiaren ebazpena errespetatzen duela adierazi du. Aitzitik, bertako Kultura Sailak iragarri duenez, ez dizkiote emango Sarrionandiari sariaren irabazteagatik dagozkion 18.000 euroak, justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean. Bere esanetan, oztopo larriak ditu diruz hornitzen duen saria horrelako pertsona bati emateko, saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean.

Ainhoa Larrañaga epaimahaiburuak adierazi du erabaki honek erabat jokoz kanpo utzi dituela. “Sarietara aurkezteko aukera ematen baldin bazaio, zergatik dirurik eman ez?”, gaineratu du Larrañagak.

Pasa den urtean argitaratu zuen Pamielak Sarrionandiaren lana, eta Pello Eltzaburu editoreak aurkeztu zuen Euskadi sarietara. Epaimahaiaren erabaki pozik hartu badu ere, Jaurlaritzaren erabakiak harridura sortu diola azaldu du. Espainiako Kritikaren Saria jaso duen bi aldietan ez dela horrelakorik gertatu gaineratu du.

15 urte bete ditu Lizarrako Gaztetxeak


Izaro ZINKUNEGI

Lizarrako Gaztetxeak 15 urte bete berriak ditu egunotan. Horren harira, irailaren 30ean botatako txupinazoaz geroztik, ekimen ugari burutzen ari dira aste hauetan zehar: txapelketak, tailerrak, fantzinearen aurkezpena.... Hala, urriaren 16ra arte luzatuko da urteurreneko festa eta aldarrikapen egitaraua, Gazte Asanbladak herritar guztiek parte hartzeko asmoz osatu duena.

15 urte hauetan Lizarrako gazte guztientzat eta ez hain gazteentzat proiektuak, ilusioak eta aisialdi jarduerak autogestionatzen jardun direla azpimarratu dute Gazte Asanbladako kideek. Lan horretan hainbat belaunaldik eta izaera eta kolektibo ezberdinetako pertsonak hartu dute parte, eta horretan dihardute hainat kidek gaur egun ere.

Herriko Pinupe gaztetxearen 15. urteurrenaren ospakizunetan,  “eginkizun sozial eta politikoa galarazten duen edozein gobernu edo ordenantzaren gainetik” daudela azpimarratu dute bertako gazteek. Ildo horretatik, hainbat ekintza prestatu ditu bertako Gazte Asanbladak, hala nola, hitzaldiak, kontzertuak, kalejirak, bazkariak…

Horregatik guztiagatik, ekintza guztietaz gozatzera eta parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak eta Lizarrara bertaratutakoak, eta egun berezi bezala, Gaztetxe Eguna  nabarmendu dute, urriaren 8an ospatuko dena. Egun horretan, haurrentzako jolasak, bazkaria, kalejira, kontzertuak… denetarik izango da. Bestalde, egunero argazki erakusketa ikusi ahal izango da Pinupe gaztetxean, eta igandetan berriz zine txiroa izango da 20:30etik aurrera. Informazio gehiago jaso nahi duenak lizarrakogaztetxea.wordpress.com atarian du horretarako aukera.

domingo, 2 de octubre de 2011

Su Ta Garrek “Ametsak pilatzen” diskoa aterako du


Eibarreko talde arrakastatsuak bere diskografia hamaigabeari beste bat gehituko diote. Disko hau urriaren bigarren hamabostaldian aterako da eta hamaika abestiz osatua egongo da. Diskoko abesti bat entzungai dago jada: “Norbera bere ametsen jabe” izena du. 

Heavy musika estiloa lantzen duen talde hau oso ezaguna da Euskal Herrian zehar baina Estatu mailan ere hitz egiten da. Euskaraz abesten dute atera dituzten hamar diskoetan baina disko guzti horiez aparte, 2007an hogei urte bete zitueneko zuzeneko diskoa ere atera dute. Azken hau Durangoko kafe antzokian egindako kontzertua izan zen eta bertan beraien hasiberritako maketa oparitu zuten.

Atera dituzten diskoen artean, 2001ean ateratako “Jo ta ke” edo azken diskoa “Jainko hilen uhartean” dira zaleei gehien gustatzen zaizkienak eta abestiei begiratuz, “jo ta ke”, “begira” edo “itxaropena” dira ezagunenak.

Heavy Metala Euskaraz jotzea izan da talde honek egin duen ekarpenik handiena. Ordura arte inork inoiz egin ez zuena eta makina bat estereotipo puskatu zituen taldea bilakatuz. Beraien hitzak kritika politiko eta sozial aldarrikatzailez beteak daude, eta esan daiteke, musika, hitzak eta orokorrean taldea, espresio bide bezala erabili dutela taldekideek.

jueves, 29 de septiembre de 2011

Agusti Villarongaren "Pa Negre" pelikula aukeratu dute Oscarretara joateko

Andrea ZARATE
'Pa negre' pelikularen kartela

Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian 'Pa negre' pelikula hautatu dute Oscar sarietara joateko. Agusti Villaronga zinema zuzendariaren filma Hollywoodeko Oscar sarien 84. edizioan egongo da atzerriko pelikula hoberenaren arloan. Horretaz gain, 'Pa negre' pelikulak Mexikoko Zinema Akademiaren sarien 54. edizioan parte hartuko du ere.



'Pa Negre' guda zibilaren osteko garaian kokatzen da, Katalunian. Andreu galtzaileen bandoan dagoen umea da, eta basoan gizon baten eta bere semearen gorpuak aurkitzen ditu. Autoritateek Andreuren aita epaitu nahi dute hilketa horien erantzuletzat. Baina, umea benetako erantzulea aurkitzen saiatuko da. Dena dela, horretarako bere sustraiak traizionatu behar izango ditu.

Veronica Echegui eta Jose Coronado aktoreek aurkeztu dute Oscarretara eta Ariel sarietara joango den pelikula katalana. Estreinatu zenetik, 'Pa negre' pelikulak bederatzi Goya eta Zinematografiako Sari Nazionala irabazi ditu.

2012ko urtarrilaren 24an AEBetako akademiak Oscar sarietara joango diren hautagaien behin-betiko zerrenda irakurriko du, horien artean atzerriko pelikula hoberena. Bestalde, otsailaren 26an ospakizuna izango da Los Angeleseko Kodak antzerkian, eta Eddie  Murphy aktoreak aurkeztu eta gidatuko du.


miércoles, 28 de septiembre de 2011

Udaletxeak Valentziako Mostra geldiarazi du 1,7 milioi euro aurrezteko



  
Mostra zinema jaialdiko aurtengo kartela
Andrea ZARATE
Rita Barbera alkateak Valentziako Mostra zinema jaialdia geldiarazi du aurrekontuen murrizketa dela eta. Valentziako Mostra zinema jaialdia 1980. urtean sortu, eta 33. edizioa 2012ko martxoan ospatuko zen. Rita Barbera PPko alkateak Valentziako zinema jaialdia geldiarazi du “beharrezkoak diren adostasunak” eta “egungo egoera ekonomikoa” direla eta. Alkateak esan duenez, “beharrezkoak diren beste gauza batzuetan” erabiliko da dirua.
Mostra zinema jaialdia Valentziako Udal Zinema Fundazioaren eskutik jaio zen, udalaren mendeko erakundea. Orain arte, jaialdiak duen atal ofizialean, hiru sari nagusi eman izan dira: urrezko, zilarrezko eta brontzezko palmondoak. Hala ere, beste sari batzuk ere badaude, zuzendari hoberena, soinu banda hoberena edo gidoi hoberena besteak beste.
Barbera alkateak azaldu duen arabera, Valentziako Mostra zinema jaialdiaren etendurak “hurrengo urteetan” zehar igaroko du, ekonomiak berriro aurrera joan arte. Bestalde, alkateak adierazi duenez, 33. edizioan erabiliko zen 1,7 milioi euroko aurrekontua aurreztuko eta beste gauza batzuetarako erabiliko da.
Gainera, Rita Barberak adierazi du seguraski ez dela izango adostatu beharreko gai bakarra. Erabaki hau duela egun batzuetatik erabakita omen zegoen, baina publikoki gaur jakin izan da Salomon Castiel Mostrako eduki-zuzendariaren adierazpenen bidez, esaten zuena jaialdiari bere denbora libreak eskaintzen zizkiola. Dirudienez, joan den ekainan Castiel zuzendaria kargutik kendu zuten.