martes, 4 de octubre de 2011

15 urte bete ditu Lizarrako Gaztetxeak


Izaro ZINKUNEGI

Lizarrako Gaztetxeak 15 urte bete berriak ditu egunotan. Horren harira, irailaren 30ean botatako txupinazoaz geroztik, ekimen ugari burutzen ari dira aste hauetan zehar: txapelketak, tailerrak, fantzinearen aurkezpena.... Hala, urriaren 16ra arte luzatuko da urteurreneko festa eta aldarrikapen egitaraua, Gazte Asanbladak herritar guztiek parte hartzeko asmoz osatu duena.

15 urte hauetan Lizarrako gazte guztientzat eta ez hain gazteentzat proiektuak, ilusioak eta aisialdi jarduerak autogestionatzen jardun direla azpimarratu dute Gazte Asanbladako kideek. Lan horretan hainbat belaunaldik eta izaera eta kolektibo ezberdinetako pertsonak hartu dute parte, eta horretan dihardute hainat kidek gaur egun ere.

Herriko Pinupe gaztetxearen 15. urteurrenaren ospakizunetan,  “eginkizun sozial eta politikoa galarazten duen edozein gobernu edo ordenantzaren gainetik” daudela azpimarratu dute bertako gazteek. Ildo horretatik, hainbat ekintza prestatu ditu bertako Gazte Asanbladak, hala nola, hitzaldiak, kontzertuak, kalejirak, bazkariak…

Horregatik guztiagatik, ekintza guztietaz gozatzera eta parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak eta Lizarrara bertaratutakoak, eta egun berezi bezala, Gaztetxe Eguna  nabarmendu dute, urriaren 8an ospatuko dena. Egun horretan, haurrentzako jolasak, bazkaria, kalejira, kontzertuak… denetarik izango da. Bestalde, egunero argazki erakusketa ikusi ahal izango da Pinupe gaztetxean, eta igandetan berriz zine txiroa izango da 20:30etik aurrera. Informazio gehiago jaso nahi duenak lizarrakogaztetxea.wordpress.com atarian du horretarako aukera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario