Mostrando entradas con la etiqueta G-puntua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta G-puntua. Mostrar todas las entradas

lunes, 5 de diciembre de 2011

Iñaki Apalategi gailendu da azken finalaurrekoan


Izaro ZINKUNEGI


Iñaki Apalategi bertsolariak irabazi zuen atzo G-Puntuko azken finalaurrekoa. Atzo arratsaldean Hernanin jokatu zen azken kanporaketa, eta Jon Martin eta Iñaki Apalategi sailkatu ziren saio horretatik Illunbeko finalera.

Arratsaldeko 17:30etan ekin zioten bertsolariek saioari. Banak oholtzaratu ziren Amaia Agirre, Jon Martin, Jokin Uranga, Iñigo Manzisidor Mantxi, Iñaki Apalategi eta Ainhoa Agirreazaldegi. Agurra abestu ostean hiruna punturi erantzun zioten, ondoren ofizioka eta kartzelan abestu zutelarik (Apalategiren kartzelako lana ikusgai hemen). Azkenean, Apalategi gailendu zen, Martini puntu erdiko aldea aterata.

Jadanik osatu da Illunbeko zortzi bertsolarien zerrenda: Irazu, Gaztelumendi, Apalategi, Sarriegi, Rezola, Agirre eta Alaia eta Jon Martin neba-arrebak. Abenduaren 18an jakingo da nork jantziko duen 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela.

martes, 29 de noviembre de 2011

Gaztelumendi eta Irazu nagusitu dira finalaurreko lehen bi saioetan


 Izaro ZINKUNEGI

Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu bertsolariak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean dira jada. Asteburuan Arrasaten eta Tolosan jokatu diren finalaurrekoetan garaile izan dira biak. Hala, duela laur urte bezala, finalean izango dira.
 
Arrasaten jokatu zen lehenengo kanporaketa. Gaztelumendi, Rezola, Alaia Martin, Zubia, Zubeldia eta Urdangarinek abestu zuten. Saio amaieran añorgarra gailendu zen. Era berean, duela lau urte Iker Zubeldia finalista izan bazen ere, aurten ez du horretarako aukerarik izango.

Igandean Tolosara iritsi zen G Puntua. Unai Agirre, Elustondo, Beñat Lizaso Izagirre eta Sarriegi aritu ziren Irazurekin batera. Azken puntuazioan Irazu nagusitu zen, Sarriegi lau puntu t´erdira zuela.

Azken finalaurrekoa Hernanin jokatu da igandean. Saio honen ostean osatuta geratuko da Illunbeko finaleko 8 bertsolarien izen-zerrenda.

lunes, 7 de noviembre de 2011

Uranga nagusitu da G-puntuko final-laurdenetako azken saioan


Izaro ZINKUNEGI


Jokin Urangak bere herrian lortu du Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalaurrekoetarako txartela. Azpeitian jokatu da azken saioa, eta Iker Zubeldia eta Iñaki Apalategi ere igaro dira hurrengo fasera, Urangarekin batera.

Izarraitz pilotalekuan jokatu da azken final-laurdena. Eguraldiak errepideetan arazo batzuk eragin dituen arren, jende andana hurbildu da bertara. Jokin Uranga izan da garaile 488 punturekin, eta zuzenean igaro da hurrengo saiora, Irazu, Sarriegi, Gaztelumendi eta Martinekin batera.   Puntuazioaren arabera sailkatutako beste 13 bertsolariren izenak ere bertan jakin dira.

Finalaurreko fasea azaroaren 26an hasiko da, Arrasaten. Tolosan eta Hernanin izango dira beste bi saioak. Horietatik sailkatzen diren 8 bertsolariek abenduaren 18an abestuko dute, Donostiako Illunbeko finalean.

lunes, 10 de octubre de 2011

Uxue Alberdik eta Alaia Martinek irabazi dituzte G Puntuko azken bi kanporaketak

Izaro ZINKUNEGI

Uxue Alberdi eta Alaia Martin gailendu dira G Puntuko azken bi final-zortzirenetan. Lasarte-Orian eta Irunen izan ziren saioak, hurrenez hurren. Jadanik amaitu da final-zortzirenetako fasea, eta 24 bertsolari sailkatu dira, puntuazioaren arabera.

Zazpi kanporaketa jokatu dira iraileko lehenengo asteburutik pasa den iganderaino. Saio horietako zazpi bertsolariek final-laurdenetarako txartela lortu dute zuzenean. Honakoak dira bertsolariak: Iñigo Manzisidor “Mantxi”, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Jokin Uranga, Uxue Alberdi eta Alaia Martin. Bertsolari horiez gain, beste hamazazpi sailkatu dira puntuazioaren arabera.

Datorren asteburuan, urriaren 22an hasiko dira final-laurdenak. Lehenengo saioa Oñatin jokatuko da, eta ondorengoak Billabonan, Hondarribian, Idiazabalen eta Azpeitian.

lunes, 19 de septiembre de 2011

Mantxi eta Xamoa nagusitu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioetan


Pasa den asteburuan jokatu ziren Andoainen eta Azkoitian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako lehen bi saioak. Lehenengoan, Iñigo Manzisidor Mantxi izan zen garaile, Azkoitiko saioan berriz, Arkaitz Oiartzabal Xamoa. Honi esker, final-laurdenetara sailkatu dira bi bertsolariak. Besteek aldiz, datozen asteburuetan jokatuko diren beste kanporaketetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatu diren edo ez jakiteko.

Larunbatean hasi zen txapelketaren udazkeneko fasea. Andoainen izan zuten lehenengo hitzordua sei bertsolarik eta haiek entzuteko gogoz joan ziren hainbat bertsozalek. 17:30ean hasi zen saioa, Manu Goiogana, Ane Labaka, Amaia Agirre, Ander Lizarralde, Mantxi eta Iñigo Izagirre oholtzaratzearekin batera. Alde ederrak entzuteko parada izan zuten bertaratutakoek, tartean, Ane Labakak kartzelakoan abestutakoak. Azkenean, Mantxi izan zen nagusi, 500 puntu eskuratuta. Zarauztarrak 6 puntuko aldea atera zion Iñigo Izagirre bigarren sailkatuari.

Azkoitiko saioan honako 6 bertsolariek abestu zuten: Asier Azpiroz, Ibai Esoain, Gorka Maiz, Gorka Azkarate, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa. Saio hau ez zen larunbatean Andoainen izandakoa bezain distiratsua izan, eta hori erakutsi zuten puntuazioek. Izan ere, Andoaingo lehen bost sailkatuek Xamoak baino puntuazio hobea eskuratu zuten. 460,5 puntu eskuratuta lortu du hurrengo faserako txartela.

Datozen asteburuan beste bi kanporaketa jokatuko dira Eibarren eta Lazkaon. Hauetan ere seina bertsolari izango dira oholtza gainean.

miércoles, 14 de septiembre de 2011

Udazkenari aurre hartuta dator G-Puntua

 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa abian jarriko da berriro asteburu honetan. Maiatzaren 8an hasi zuen ibilbidea lau urtean behin burutzen den txapelketa honek, eta ekainaren 5era arte luzatu zen lehenengo fasea. Udan geldialditxoa egin ostean, bertsoz beteko dira berriro Gipuzkoako bazterrak, irailaren 17tik aurrera.


Udaberrian jokatu zen Txapelketaren lehenengo fasea. 6o bertsolarik hartu zuten parte bertan, eta bakoitzak bi saiotan abestu zuen. Kanporaketa haietatik 32 bertsolari sailkatu ziren final-zortzireneterako. Hauek ekingo diote asteburu honetan bigarren faseari. Lehenengo saioak Andoainen eta Azkoitian izango dira. Lehen fasean bezala, final-zortzirenetako saioetako sarrerak eskuragarri daude G-puntuaren atari digitalean.


Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Lehendakariak adierazi duenez, jarritako helburu guztiak bete zituzten lehenengo fasean, eta indartsu ekingo diote bigarrenari ere. Horren erakusle da aurkeztu berri duten bideoklipa, jadanik sarean ikus daitekeena. G-puntua TB atalari hasiera emango dion lehen bideoa izango da honako.


G-puntuak 7 herri bisitatuko ditu final-zortzirenetako fase honetan. Horiek igaro ostean, final-laurdenei ekingo zaie. Fase honetarako 6 bertsolari sailakturik daude jada, azken txapelketan lortu zuten postuari esker.


Aurten ere Donostiako Illunbe aretoan jokatuko da finala, duela lau urte egin zen moduan. Bertan abestuko dute puntuaziorik onena lortzen duten zortzi bertsolariek abenduaren 18an, hainbat bertsozaleren gozamenerako.