lunes, 19 de septiembre de 2011

Mantxi eta Xamoa nagusitu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioetan


Pasa den asteburuan jokatu ziren Andoainen eta Azkoitian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako lehen bi saioak. Lehenengoan, Iñigo Manzisidor Mantxi izan zen garaile, Azkoitiko saioan berriz, Arkaitz Oiartzabal Xamoa. Honi esker, final-laurdenetara sailkatu dira bi bertsolariak. Besteek aldiz, datozen asteburuetan jokatuko diren beste kanporaketetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatu diren edo ez jakiteko.

Larunbatean hasi zen txapelketaren udazkeneko fasea. Andoainen izan zuten lehenengo hitzordua sei bertsolarik eta haiek entzuteko gogoz joan ziren hainbat bertsozalek. 17:30ean hasi zen saioa, Manu Goiogana, Ane Labaka, Amaia Agirre, Ander Lizarralde, Mantxi eta Iñigo Izagirre oholtzaratzearekin batera. Alde ederrak entzuteko parada izan zuten bertaratutakoek, tartean, Ane Labakak kartzelakoan abestutakoak. Azkenean, Mantxi izan zen nagusi, 500 puntu eskuratuta. Zarauztarrak 6 puntuko aldea atera zion Iñigo Izagirre bigarren sailkatuari.

Azkoitiko saioan honako 6 bertsolariek abestu zuten: Asier Azpiroz, Ibai Esoain, Gorka Maiz, Gorka Azkarate, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa. Saio hau ez zen larunbatean Andoainen izandakoa bezain distiratsua izan, eta hori erakutsi zuten puntuazioek. Izan ere, Andoaingo lehen bost sailkatuek Xamoak baino puntuazio hobea eskuratu zuten. 460,5 puntu eskuratuta lortu du hurrengo faserako txartela.

Datozen asteburuan beste bi kanporaketa jokatuko dira Eibarren eta Lazkaon. Hauetan ere seina bertsolari izango dira oholtza gainean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario