miércoles, 14 de septiembre de 2011

Udazkenari aurre hartuta dator G-Puntua

 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa abian jarriko da berriro asteburu honetan. Maiatzaren 8an hasi zuen ibilbidea lau urtean behin burutzen den txapelketa honek, eta ekainaren 5era arte luzatu zen lehenengo fasea. Udan geldialditxoa egin ostean, bertsoz beteko dira berriro Gipuzkoako bazterrak, irailaren 17tik aurrera.


Udaberrian jokatu zen Txapelketaren lehenengo fasea. 6o bertsolarik hartu zuten parte bertan, eta bakoitzak bi saiotan abestu zuen. Kanporaketa haietatik 32 bertsolari sailkatu ziren final-zortzireneterako. Hauek ekingo diote asteburu honetan bigarren faseari. Lehenengo saioak Andoainen eta Azkoitian izango dira. Lehen fasean bezala, final-zortzirenetako saioetako sarrerak eskuragarri daude G-puntuaren atari digitalean.


Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Lehendakariak adierazi duenez, jarritako helburu guztiak bete zituzten lehenengo fasean, eta indartsu ekingo diote bigarrenari ere. Horren erakusle da aurkeztu berri duten bideoklipa, jadanik sarean ikus daitekeena. G-puntua TB atalari hasiera emango dion lehen bideoa izango da honako.


G-puntuak 7 herri bisitatuko ditu final-zortzirenetako fase honetan. Horiek igaro ostean, final-laurdenei ekingo zaie. Fase honetarako 6 bertsolari sailakturik daude jada, azken txapelketan lortu zuten postuari esker.


Aurten ere Donostiako Illunbe aretoan jokatuko da finala, duela lau urte egin zen moduan. Bertan abestuko dute puntuaziorik onena lortzen duten zortzi bertsolariek abenduaren 18an, hainbat bertsozaleren gozamenerako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario