martes, 27 de septiembre de 2011

Milaka pertsonak Klik! egingo du asteburu honetan Azpeitian


Egun gutxi falta dira aurtengo Kilometroak ospatzeko. Aurtengoan, Azpeitiko Ikasberri Ikastolak antolatuko du, eta lan horretan dihardu hainbat pertsonak azken hilabeteetan. Iazko urritik gaur arte ekintza ugari egin badira ere, igande honetan, urriaren 2an, izango da benetako ospakizuna, Klik! lemapean Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa  Urola bailarako herrian lehertzen denean.

Igaro berri den ikasturtea berezia izan da Azpeitiko Ikasberri Ikastolarentzat. Iaz Pasaia-Lezoko ikastolari kilometroen lekukoa hartu zionetik, jo eta ke dabil ikastolen aldeko jaialdiaren antolaketan. Hamar urteren ostean, berriro ere Azpeitira iritsiko da igande honetan milaka euskaldun eta euskaltzaleren zita. Jadanik prest dago igandeko egitaraua eta zirkuitua. 

Aitor Unanue, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Elkarte Kooperatibako lehendakariak adierazi duenez, urte gutxi barru gaur eguneko eraikina txiki geldituko zaiela aurreikusten dute. Horregatik, haur ikastola berri baten proiektua lantzen ari dira, eta honi bultzada emateko eskatu zuten 2011ko Kilometroak Azpeitian egitea.


Egitarauari dagokionez, 09:30ean zabalduko da zirkuitua. Honek, 6 kilometroko ibilbidea izango du, bost gunetan banatua (4 gune ibilbidean eta beste bat, herriko plazan, zirkuitutik kanpo). 19:30ak bitartean izango da zer ikusia eta non gozatua Azpeitian, haur, gazte eta helduentzat egitarau zabala baitago antolatua: haur jolasak, kontzertuak, antzerkia... Euskararen eta ikastolen aldeko festan parte hartu eta gozatzeko aukera zabala dago beraz urriko lehen asteburuan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario