martes, 27 de septiembre de 2011

Gaztetxearen 25. urteurrena ospatuko dute ordiziarrek urriaren 22an


Urriaren 22an Gaztetxearen 25. urteurrena ospatuko dute ordiziarrek eta bertaratzen direnek. Egitarau oparoa prestatu du herriko Gazte Asanbladak azken mende laurdenean bizileku izan duen txokoa kolorez jantzi eta jendez betetzeko. Laketmusika taldeak egin du urteurren  honetarako abestia.

Azken urte honetan hainbat ekintza burutu dituzte gazteek urteurrenaren harira. Baina ekintza horietaz haratago, ospakizunari amaiera biribila emateko jaialdi erraldoiaren aldeko apustua egin dutela adierazi dute Gaztetxeko kideek. Ordiziako Gazte Asanblada ibili da egun honen antolaketan, baina ez du gazteei soilik zuzendutako egitaraua osatu, herritar guztiek parte hartzeko modukoa baizik. Ildo horretatik, Porrotx pailazoa bertan izango da arratsaldeko 18:00etatik aurrera, herriko txikienen gozamenerako.

Egitarauari hasiera emateko, aurreskua dantzatuko diote Gaztetxeari, 11:25ean. Jarraian, poteoa egingo da bertatik abiatuta, herriko kaleetan zehar, zanpantzar,trikitilari, alboka eta erraldoiek lagunduta. Honen ostean, bazkaria egingo dute ordiziarrek, arratsaldeko “Batallita kontaketa”-rako indarrak hartzeko. Hemen Gaztetxean 25 urte hauetan zehar bizi izandako esperientziak ezagutu ahal izango dira.

Arratsalde-gau partean berriz, kontzertu ugari izango dira herriko hainbat txokotan. Tartean, Motxila 21 taldea, down sindromedun gazteek eskainiko dutena. Horrez gain, txosnak ere ez dira faltako Ordizian, eta bertan bokatak ere egongo dira. Beraz, goizaldeko ordu txikiak aldera arte luzatu ahal izango du nahi duenak Gaztetxearen urtemugako festa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario