viernes, 16 de septiembre de 2011

Zinemaldi Alternatiboa izango da egunotan Kortxoenea Gaztetxean


Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioa ospatzen ari da egunotan. Hainbat film, aktore ezagun ugari, kamera andana, milaka jarraitzaile… bildu dira Gipuzkoako hiriburuko kaleetan. Gros auzoko Kortxoenea Gaztetxeak aldiz, Donostiako Zinemaldi Alternatiboaren aldeko apustua egin du aurten ere, hilaren 19tik 24ra.

Iazko bideari jarraiki, egitarau oparoa prestatu du Kortxoenea Gazteatxeak bost egun horietarako. Bertako asanbladako kideek adierazi dutenez, Zinemaldi ofizialak bultzatzen duen eredu elitista alde batera utzi, eta eredu herritar eta parte-hartzailearen aldeko apustua egin dute. Hala, Eguzki Bideoak-en materiala eskuragarri izango dela jakinarazi dute, “banatzaile alternatiboen presentzia bermatuz”.

80 eta 90. hamarkadetako euskal zinema izango da besteak beste ikusgai Kortxoenean. Zehazki esateko, Santa Kruz Apaiza, Kalabaza Tripontzia eta Hitz Egin dokumentala eskainiko dira. Era berean, film horietako zuzendari eta aktoreak ere gerturatuko dira bertara, ikusleei beraien esperientziak eta lanaren zertzeladak azalduz.

Euskal zinemaz haratago, Madrilgo Patio Maravillas etxe okupatuaren dokumentala eskainiko dute, eta bertako kideekin hitz egiteko aukera ere izango da. Horrez gain, arte urbanoak ere izango du bere tartea Groseko Gaztetxean.

Amaitzeko, azken egunean laburmetrai lehiaketa izango da. Egunaren hasieran gai bat emango zaie parte-hartzaileei, eta beraien lana grabatu eta muntatu beharko dute. Igor Arzuaga “MARA” bakarlariak emango dio amaiera Zinemaldi Alternatiboari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario