martes, 20 de septiembre de 2011

Erdi Aroko VIII. Azoka egingo da asteburuan Azpeitian


Azpeitiak garai bateko itxura hartuko du datorren asteburuan, irailaren 24 eta 25ean. Urtero legez, aurten ere Erdi Aroko Azoka egingo da egun horietan Alde Zaharreko kaleetan zehar. Aurtengoa VIII. aldia da azoka berezi hau ospatzen dutena. Era berean, herriko saltokien outlet azoka ere izango da egun horietan Berdura plazan.

Guztira 65 postu inguru izango dira Azpeitiko kaleetan azokak dirauen artean. Bertan, herriko merkatarien 30 bat postu egongo dira. Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatarien Elkarteak antolatu dute Erdi Aroko azoka. Stock azoka 10:00etan irekiko da goizean, eta lau orduz egongo da zabalik. Arratsaldean berriz, 16:00etatik 20:00etara bitartean izando dute bertaratutakoek postuak ikusi eta produktuak erosteko aukera.


Azokaren aurkezpen ekitaldian, Iñigo Amiano Bertan Merkatari Elkarteko teknikariak jakinarazi zuenez, "inoiz baino postu gehiago izango dira; arropak, ohialak, eskolako materialak... erosi ahal izango dira bertan". Horrez gain, azokara joateko gonbita luzatu zien Amianok herritar guztiei.


Udaleko hiru zinegotzi ere izan ziren aurkezpen ekitaldian: Iñaki Portilla, Kepa Ibarzabal eta Kontxita Martija. Portillak hartu zuen hitza eta Bertan Merkatari Elkartekoei eskerrak eman zizkien auzolanean antolatutako ekitaldia dela-eta. Azokan bolondres lan egingo dutenei, Baigerakoei, Musika bandakoei, Arte eta Diseinu ikastegikoei, Musika Eskolakoei, ttuntturroei... ere eskerrak eman zizkien Portillak, Azpeitiko Udalaren izenean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario