martes, 22 de noviembre de 2011

'Beldur barik' berdintasunaren aldeko kanpaina aurkeztu dute Donostian

Andrea ZARATE


Zenbait erankundek, ikastetxek eta EHUko unibertsitateak berdintasunaren aldeko Beldur barik kanpaina aurkeztu dute Donostian. Kanpainaren arduradunek adierazi dutenez, xede nagusia emakumeen aurkako eta gazteen aurkako egungo desberdintasun egoerari aurre egitea da, errespetuz eta erantzukizunez.

Beldur barik kanpaina Berdinsarea Sarearen ekimena da eta Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzeko sortu da, ostiral honetan dena hain zuzen. Bestalde, larunbatean Donostiako Emakumeen Etxean (Okendo kalea 9) topaketa egingo dute, 11:30etatik aurrera. Beraz, bi egun horiek sentsibilizazio egunak izango dira, non talde eta elkarte feminista ezberdinak elkartuko diren. Dena dela, arduradunek programa urte osoan zehar irautea nahi dute.

Antolatzaileen arabera, 2010.urtean EAEko genero indarkeriaren biktimen %36 hogeita hamar urtetik beherakoak izan ziren. Egoera hori ikusita, indarkeria egoerei aurre hartzea eta 12 eta 25 urte bitarteko emakume gazteekin lan egitea bilatzen du kanpaina honek.

Eudel, Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiak dira sustapen lan koordinatuaren arduradunak. Eta aurreko edizioetan bezala, Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, EHU eta EITB kolaboratzaile gisa izango dira. 



No hay comentarios:

Publicar un comentario